Bizkaia | Euskadiko lurralde historikoak | Turismoa Euskadi
Joan edukira

Helmuga turistikoak

Lurralde historikoak

Bizkaia

Lurralde aurreratu eta modernoa izateagatik da batik bat ezaguna Bizkaia, baina baita tradizioak ondo gordetzen jakin duelako eta kontrastez betetako lurraldea delako ere.

 

Euskadin biztanle dentsitate handiena duen lurraldea da eta Bilbok eta bere inguruak hartzen dute jende gehien. Azpiegitura berriei eta "Guggenheim efektua" delakoari esker, Bizkaiko hiriburuak erabateko hazkundea izan du eta hiri plurala, bizia, kosmopolita eta abegitsua bihurtu da. Halere, ongi gorde du antzinako bazterren xarma.

 

Gainerakoan, denetarik dugu lurralde honetan, hirigune urbanizatuetan zein izaera landatarra ondo gorde duten eskualdeetan. Batetik, Bizkaiko Meatzaldea nabarmen dezakegu, hainbat hamarkadatan burdina ustiatu duen ingurunea, alegia; jarduera horrek, gainera, aberastasun handiko guneak utzi ditu inguruotan, aztarna industrialak zein meatzari-auzuneak, hala nola Zugaztieta.

 

Bestetik, barnealdeko mendiak, Anboto eta Gorbeia kondairaz beteriko tontor mitikoak tartean, itsasoraino iristen dira, hondartza ederrek eta xarma handiko portuek osatzen duten kostalde malkartsua sortzeko.

 

Kostalde basatia

 

150 kilometrotan, urre koloreko 29 hareatza, itsaslabar ikusgarriak eta ingurune natural paregabeak aurki ditzakegu. Muskiztik Ondarroara bitartean, kostaldeko herriek gogo biziz ospatzen dituzte itsasoarekin lotura duten jai eta tradizioak; besteak beste, estropadak, Kaxarranka -Lekeition San Pedro egunean egiten den dantza ezaguna-, eta beste hainbat ohitura bitxi nabarmentzen dira.

 

Halaber, kostalde inguruan jarraituz gero, lurralde honetako ikurretako batzuk ikusiko ditugu, tartean, Bizkaiko Zubia, Gizateriaren Ondare izendatu duten monumentua, eta Gernika, 1937ko bonbardaketa dela eta (ondoren, Picassok koadro ezagunean jaso zuen) balio sinboliko handia duen herria. Horrez gainera, edertasun handiko beste paisaia asko ditu Bizkaiko kostaldeak, besteak beste, Gaztelugatxeko Doniene eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba, hegazti migratzaileen babesleku diren naturgune bikainak.

 

Barrualdean ere, erakargarri egiten duten ezaugarri asko ditu lurraldeak, Erdi Aroko hiribilduak zein parke naturalak, esaterako.

 

Durangaldeak, Arratiak eta Enkarterrik Bizkaia landatarraren kutsua gordetzen dute oraindik eta, horrez gainera, bisitaria liluratuta utziko duen kultura eta historia ondare aberatsa dute. Durango, Elorrio, Urduña, Balmaseda eta beste udalerri batzuk, haien jauregi, armarridun etxe, harresi eta eliza ederrekin, Bizkaiko arkitekturako altxorrak dira, bisitaria txundituko duten gune paregabeak, hain zuzen.

Datu interesgarriak

Hedadura
2,221.00 Km
Biztanle-kopurua
1,144,123