Urduña

Urduña

Helmuga turistikoak

Herriak

Gorobel mendilerroaren magalean dago Urduña. Bertako hirigune historikoa da hiribilduko ezaugarri berezia, 1997. urtean multzo historiko-monumental izendatua. Historiari eta kulturari dagokienez interes handikoak diren monumentu ugari daude.

 

Erlijio eraikinen artean, Andre Mariaren eliza gotikoa dugu, XV. mendean eraikia; bai eta Familia Sakratuaren eliza, estilo barrokokoa, eta Antiguako Andre Mariaren Santutegia ere, hiriko zaindariaren irudia gordetzen duena.

 

Bestalde, estilo askotako jauregiak aurki ditzakegu Urduñan, eraikin errenazentistak eta barrokoak, besteak beste. Ortes Belasco, Mimenza, Diaz Pimienta eta Belasco jauregiak zenbait adibide baino ez dira. Era berean, merezi du herria inguratzen zuen harresia ikustea. Antzina, 1,8 kilometroko luzera izan zuen, egun, ordea, harresiaren % 65 baino ez dago zutik. Halere, etxe eta jauregi askok harresiaren zatiak baliatu zituzten eraikin horien horma gisa erabiltzeko. Santa Maria elizaren inguruetan ikus daiteke harresiaren zati bat.

 

Ezbairik gabe, Foru plaza da hiriko txokorik esanguratsuenetako bat. XVIII. mende bukaeran egindako Aduana eraikin neoklasikoa eta udaletxea aurki ditzakegu bertan.

 

Natura eta kirola

Aire librean hainbat kirol egiteko aukera eskaintzen digu Urduñak. Bisitariek ibilbide ugari egiteko aukera dute, oinez zein bizikletaz, Salbada mendizerra osatzen duten zenbait menditan, Tologorrin, Txarlazon edo Solaieran, adibidez. Horrez gain, pilotan eta golfean jokatzeko eta espeleologian aritzeko aukera ere badute bisitariek. Abentura gustuko dutenentzat oso leku egokia da, are gehiago zirrara berriak probatu nahi dituenarentzat. Izan ere, parapentean zein delta hegalean ibiltzeko ikastaroak antolatzen dituzte. Hortaz, ausartzen direnek Urduñaren edertasuna eta xarma goi-goitik ikusteko parada izango dute.

 

Halaber, Nerbioi ibaiaren iturburua ikus daiteke inguruotan. Santiago mendian dago, Urduñako portutik gora joanda. Han topatuko dugun begiratokitik, ur-jauzi ederra agertuko zaigu begi-bistan.

 

Bestalde, Urduñan ospatzen diren jaiei dagokienez, Bihotza izeneko pertsonaia protagonista duten Otxomaioak eta Aste Santuko ospakizunak dira ezagunenak.

Datu interesgarriak

Hedadura
33.00 Km
Biztanle-kopurua
4,178

Ekitaldiak

Euskadi, auzolana