Durango

Durango

Helmuga turistikoak

Herriak

Durangaldeko udalerri eder hau Mañaria ibaiak zeharkatzen du, eta Urkiolako Parke Naturaletik hurbil dago.

Parke natural bikain horretan, ibilbide atseginak egin daitezke edo gailurretara igo, besteak beste, hauetara: Anboto (1.331 m), Alluitz (1.040 m) eta Mugarra (964 m).

Horrez gainera, Durangok ondare arkitektoniko aberatsa du. Alde zaharrean, balio historiko handiko eraikin ugari daude. Erlijio arkitekturari dagokionez, bi eliza nabarmenduko ditugu erdigunearen alde bietan: Santa Ana parrokia barrokoa izen bera daraman arkuaren ondoan dago eta Uribarriko Andra Mari elizak berriz, barrualde gotiko bikaina eta egurrezko arkupe izugarria ditu.

Kurutziaga gurutzea, Lariz dorrea eta udaletxea bera azpimarratzekoak dira. Udalaren eraikinak esaterako, aurrealde ederra du. Erdi puntuko zazpi arku dituen arkupea dauka beheko aldean. Lehengo solairuan aldiz, balkoi luzea dago eta azken bietan, pintura ederrek apaintzen dute horma.

Kultura eta festak

Kulturari dagokionez, San Agustin kulturgunea aipatu behar dugu, antzerki, dantza zein musika arloko ekitaldi garrantzitsuak jasotzen baititu. Bestalde, Durangoko Arte eta Historia Museora, Etxezarreta jauregira, egin dezakegu bisita. Han, udalerriaren sorrera eta historia ezagutzeko aukera paregabea izango du bisitariak.

Urriaren erdialdean ospatzen dituzte herriko jai nagusiak, San Faustoak. Azken urteotan, garrantzi handia hartu dute jaiok eta inguruko jende ugari erakartzen dute herrira. Halaber, abendua ere data garrantzitsua dugu, hilaren hasieran Landako Gunea izeneko esparru berri eta modernoan antolatzen baitute Durangoko azoka, euskal kulturaren erreferente bihurtu dena, ez bairik gabe. 

Datu interesgarriak

Hedadura
10.70 Km
Biztanle-kopurua
29,972

Ekitaldiak

Euskadi, auzolana