Road trip hau kostaldeko bide debertigarrienetako eta ederrenetako bat da bertatik gidatzeko, eta posizio pribilegiatuan jartzen ditu bi udalerri horien arteko 31 kilometroak.
Mendien, haranen, kostaldearen eta txoko bikainen arteko ibilbide bat da, argazki magikoak egiteko aukera emango dizuna. Gipuzkoako kostaldean zehar doan road trip honetan, itsasoko brisa sentituko duzu, mendietako belarra usainduko, eta ingurune horretako jaki gozoak dastatuko, errepideaz eta bertatik ikusten diren paisaiez gozatzearekin batera. Begiratokiak, herri xarmagarriak eta haietako bizilagunak izango dira zuretzat haritu dugun istorio honen pertsonaiak.
GOIZEAN
Urola Kosta eta Debabarrena ingurunearen ezaugarri bereizgarri guztiak modu lasai batean ezagutzeko plan bat proposatzen dizugu. Leku turistikoenez gainera, bertakoen txoko sekretuak ere bisitatuko ditugu. Zarauztik Mutrikura arteko tartea hartzen du bisitak, Getariatik eta Zumaiatik igarota. Zarautzen hasiko gara; ospetsuak dira bertako olatuak eta surflariak, eta malekoian zehar paseatzea ezinbestekoa da. Ibilbideak Getariarantz jarraitzen du, eta mahastien eremura igoko gara.
Begiratokitik, mahastiak ia itsasoan bertan bukatzen direla ikusiko dugu. Arbendol-itxurako hirigune historikoa eta oraindik ere bizi-bizia den portua ikusiko ditugu –antxoagatik da ezaguna–. Kale nagusian zehar ibiltzea, arrain-parrilak gori-gorian daudela, eutsi ezineko tentazioa da hamaiketakoan. Gainera, kaleko giro onaz gozatuko dugu.
ARRATSALDEAN
Bazkaldu ostean, ibilbideak Zumaia aldera jotzen du. Hortik, San Telmo ermitara joango gara. Geoparkearen bihotzean egongo gara, flyscha protagonista dela. Ikuskizun aparta da, begien gozamenerako. Flyschaz gainera, Game of Thrones telesail ezaguna bertan filmatu zutelako ere bada ezaguna leku hau. Itsaslabarren gaineko begiratokiak ere nahitaez bisitatu beharrekoak dira: Baratzazarrak, Portutxiki, Mendatagaina eta Lapari. Flyscha ikusi ahal izango dugu horietatik, bere handitasun osoan. Jarraitu ibilbideari Deba aldera; ezagutu bertako eliza eta klaustroa, euskal gotikoaren benetako altxorra.
Jarraitu ibilbideari Mutriku aldera, kostaldeko errepidetik. Errepidearen alboko pasealekuan, beste bi begiratoki liluragarri topatuko dituzu: Arbe eta Alkolea.
KONTRATATU DAITEZKEEN ZERBITZU-ENPRESAK
Non jan plan honetan:
https://www.getariaturismo.eus/eu
Non ostatu hartu plan honetan:
https://www.debabarrenaturismo.com/eu/informazioa/ostatuak?set_language=eu
Datu orokorrak
Gaztelania, Euskara
Gomendioak