Goza ezazu txakolinetarako mahastien artean paseoa eginez Kantauri itsasoaren ertzean. Deskubritu Getariako historia eta herriaren iragan arrantzalea. Ibili kaleetan barrena eta murgildu zaitez Cristóbal Balenciaga diseinatzaile ospetsuaren bizitzan, haren omenez egindako museoan.
GOIZEAN
Eitzaga auzora joateko 6,6 kilometroko itzulia egitea proposatzen dizuegu, mahastietan barrena. Hasteko, Zarautz aldera joko dugu N-634 errepidetik, itzulbideraino. Errepidea zeharkatu eta parean dagoen errepidetik egingo dugu aurrera; handik metro gutxira ezkerretara hartuko dugu. Punturik garaienera iritsitakoan, ezkerraldera joko dugu mahastia inguratuta. Errepideko tunelaren gainean gaude: Talai.
Mahastia zeharkatu behar dugu, Zarauzko noranzkoan. Horretarako, lurrera begiratu eta bidea aurkitu beharko dugu. Bide onetik goazela jakingo dugu mahastiaren erdian putzu bat ikusten badugu. Ur hori sulfatoa egiteko erabiltzen zen. Madariondoak ikusten ditugunean ezkerraldera jo eta jaisten jarraituko dugu. Txabola bat eskuinetara utzi eta Ubidi errekara iritsiko gara. Erreka zeharkatzeko, hoberena errepideraino joatea da, eta zerrategia inguratzea.
Errekaren beste aldean gaude. Aurrerago presa bat ikusiko dugu, ezkerretara. Aurrera egingo dugu, Ametzmendi txakolindegia erreferentziatzat hartuta. Hormigoizko bideari jarraikiz, txakolindegia atzean utzi ondoren Gaztaka haundira joango gara. Baserriaren atzetik igaro eta asfaltatutako beste bide batera iritsiko gara. Ezkerretara egin eta, handik gutxira, Meaga adierazten duen seinale bat aurkituko dugu. Adierazpenari kasu egin eta, aldapa igota, Zingireta baserrira iritsiko gara. Kurba igaro ondoren aurrera
jarraituko dugu, aparteko ikuspegiaz gozatzen dugun bitartean. Zarauztik Zumaiara bitarteko herri-bidean gaude. Larraioz igaro eta, ezkerraldean dugun pinudia amaitzen den tokian, urki bat dagoen tokian, basoan barneratuko gara Gazteluzar topatu arte.
Galtzadara itzuliko gara. Garategaineko errepidera iristen garenean, bertatik beherantz egingo dugu. Aranguren baserria atzean utzi eta Golindora iritsi baino lehentxeago, ezkerraldean dagoen herri-bidea hartuko dugu. Berriro ere errepidea aurkituko dugu; zeharkatu eta beherantz jarraituko dugu parean dugun herri-bidetik. Hilerrira iristean, errepidera itzuliko gara. Errepidetik tarte bat egin ostean, kurba itxi batera iristen garenean gure ibilbidearen abiapuntura jaisten diren eskailerak ikusiko ditugu.
ARRATSALDEAN
Janaria txingarretan erreta prestatzen duten jatetxeetako batean bazkari oparoa egin ostean, herria eta arrantza-portua bisitatzera joan gaitezke, San Anton mendiraino; XV. mendea baino lehen mendi hori irla bat zen. Mendiaren formak arratoi baten forma gogorarazten du eta horregatik esaten diote getariarrek Getariako arratoia. San Anton mendia parke naturala da, eta landare eta animalia mota ugari ditu (batik bat, kaioak).
Mendiaren gailurrera doazen hainbat bide daude. Bidean, baleak behatzeko itsasargia ikusiko dugu (euskal kostaldeko beste herri asko bezala, Getaria baleazaleen herria izan zen mendez mende). Gailurreraino iritsiz gero, herriaren eta euskal kostaldearen ikuspegi paregabeaz gozatzeko aukera izango duzu.
Txakolindegi bat ere bisitatu daiteke (aurrez egin behar da erreserba), Balenciaga museoan bisitaldi gidatua egin dezakezu, edo antolatzen diren tailer tematikoetako bat egin (aurrez erreserbatuta).
Gainera, Escape Room bat ere egin daiteke eguraldia lagun ez baldin badugu edo horrelako jarduerak interesatuz gero.
KONTRATA DAITEZKEEN ZERBITZU-ENPRESAK :
Non jan plan honetan:https://www.getariaturismo.eus/eu/content/jatetxeak
Non ostatu hartu plan honetan: https://www.getariaturismo.eus/eu/content/hotelak
Datu orokorrak
Informazio gehiago:
Getariako turismo bulegoa: Aldamar parkea, 2 / 943 140 957 / turismogetaria@euskalnet.net /www.getaria.net
https://www.getariaturismo.eus/es
Gaztelania, Euskara
Gomendioak