Arte eta Kultura
Ondare kulturala
Kondairak dioenez, Rodrigo de Balzategi izeneko artzain bati Ama Birjina agertu zitzaion elorri baten gainean. Harrituta, zera galdetu zion: "Arantzan zu?".
Ondorengo mendeetan, frantziskotarrek gurtza, pelegrinazio, arte eta kultur gune bihurtu zuten Arantzazu.
Arantzazuko Santutegia Oñatiko udalerrian dago, amildegi artean, ingurune basati eta natural batean, haitzartean. Bere historia luzean hiru sute garrantzitsu jasan zituen (1553an, 1622an eta 1834an), eta, ondorioz, beste hainbeste aldiz berreraiki behar izan zuten.
1951an, ordea, zatikako berrikuntzak eta zabaltze lanak egiten jarraitu beharrean, basilika berri bat egitea erabaki zuten. Arte garaikidearen ikur bihurtuko zen tamaina handiko eraikin dotore bat egitea zuten helburu. Horretarako, ideien lehiaketa bat antolatu zuten.
Francisco Javier Saenz de Oizaren eta Luis Laorgaren proiektua izan zen irabazlea. Halere, Jorge Oteizaren arrastoa nabaria da oso. Berak egin zituen fatxadako 14 apostoluen eskulturak. Burdinazko ateak Eduardo Chillidarenak dira eta pinturak, berriz, Nestor Basterretxeak eta Lucio Muñozek egin zituzten.
Arantzazutik hainbat mendi-bide irtetzen dira Urbiako larretara, eta handik, Aizkorriko kareharrizko gailurreriaraino, Aizkorri-Aratz Parke Naturalean dagoen ingurune zoragarri horretan. Santutegian natura-parkeko Interpretazio Zentroa dago, Arantzazuko Parketxea, eta oso hurbil, Arrikrutz haitzuloa bisita daiteke.
San Ignazio Loiolakoaren pausoei jarraikiz, GR-120 ibilbideak aukera polita eskaintzen digu Loiola eta Arantzazu arteko bidea Antioko Baselizan barrena egiteko. Bide horri Hiru Tenpluen Ibilbidea esaten zaio.
Santutegia
Bisita gidatuak: https://www.turismodebagoiena.eus/eu/zer-egin/bisita-gidatuak/