Helmuga turistikoak
Herriak
Gipuzkoako eta Euskadiko udalerririk ederrenetakoa da Oñati, ezbairik gabe.
Debagoiena eskualdean dago, Aloña mendiaren babesean. Inguruko aldapa malkartsuen artean ageri da. Eraikin, jauregi eta eliza bikainak ezkutatzen ditu bere hirigune historiko bikainak.
Herriko sarreran bertan, Sancti Spiritus unibertsitatea topatuko dugu. Euskal errenazimentuko arkitektura zibilaren eredu bikaina da. XVI. mendean eraiki zuten Rodrigo Mercado de Zuazola gotzainaren aginduz. Aurrealde dotorea dauka. Barruan, berriz, klaustroa eta Pierres Picart eskultore frantziarrak egindako erretaula platereskoa nabarmentzen dira.
Baina badira bisitaria aho zabalik utziko duten beste hainbat monumentu: estilo gotikoa, barrokoa eta neoklasikoa uztartzen dituen San Migel parrokia, XVI. mendeko atari gotiko duen Bidaurretako monasterio itzela, Foruen enparantza, albo batean udaletxea duela, eta Antia, Madinabeitia eta Baruekua bezalako jauregi dotoreek inguratzen duten Santa Marina plaza, besteak beste.
Arantzazuko Santutegia eta Aizkorri-Aratzeko Parke Naturala
Gipuzkoan azalera handiena duen herria da Oñati. 14 auzok eta bi elizatek osatzen dute. Arantzazu da auzunerik ezagunena, zalantzarik gabe. Erdigunetik 9 kilometrora dago, Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren magalean. Arantzazuko Santutegi bikaina dago bertan, XV. mendean artzain batek arantza baten gainean ikusi zuen Ama Birjinaren omenez eraikitako tenplua. 50eko hamarkadako eraikin abangoardista da. Izen handiko artistek egin zuten, Eduardo Chillidak, Jorge Oteizak, Nestor Basterretxeak eta Lucio Muñosek, besteak beste.
Arantzazutik, mendi-ibiliak egiteko aukera paregabea dago. Esaterako, oinez joan gaitezke Urbiako zelaietaraino, eta handik Aizkorriko mendilerroko tontorren bat igo gaitezke. Inguru hori guztia parke natural izendatu dute.
Bestalde, Oñatiko jaiak eta ospakizunak kultura tradizionalari oso lotuta daude. Duela bost mendetik ospatzen den Corpus Christi eguna horren adibide da. Prozesioaz gain, "Kontrapas", "Makil-dantza" eta "Arku-dantza" ikusteko aukera egoten da egun horretan. San Migel eta Arrosarioko Andre Mariaren jaiek ere garrantzi handia dute herrian. Horrez gain, artzain-txakurren nazioarteko lehiaketak egiten dituzte. Txakurrek artaldea artegira nola eramaten duten bertatik bertara ikusiz gozatzeko aukera aparta izaten dira.