Euskadi Basque Country
 
Euskadiko Turismo Ataria
euskadi.eus

NABARMENDUAK

 

Euskal kultura

EZINBESTEKO GASTRONOMIA

Mahai on baten inguruan bizitzea

Gastronomia da, zalantzarik gabe, euskal kulturaren ezinbesteko gakoetako bat. Sasoiko produktuak mimoz prestatzeko tradizioa oso errotuta dago Euskadi osoan eta mahai on baten inguruan bizi gara beti.
Itsasoa, mendia, zelaiak eta mahastiak dituen herri baten produktuen aniztasunak ahalbidetu du euskal sukaldaritzaren sustraiak osatzen dituzten plateren eta espezialitate aukera handia egotea.

Edozein jatetxe edo tabernatako barratan goza daiteke arretaz prestatutako lehengairik onenez; gehiegikeriarik gabe prestatzen dira, freskotasunari eta funtsari euts diezaioten. Kalitate irizpide horiek betetzen dituzten establezimendu guztiak multzokatu dira Euskadi Gastronomika Klubean, eta elkarte horren zigilua bilatu behar duzu zure egonaldian.

Produktuen merkatu tradizionalak sukaldaritza mota horren tenpluak dira, eta horietara joaten dira baita jatetxe ospetsuenetako arduradunak ere.
Ongi jateaz gainera, Euskadin ospakizunak ere gustatzen zaizkigu eta jaien egutegia beteta dago gastronomia protagonista duten hitzorduekin: bisigu eguna, txuletarena, Babarrun jaia, Txakolinarena eta mahats biltzearena…

Tradizio horren oinarrian hasi zen duela zenbait hamarkada mugimendu bat eta mugimendu horrek sormena, berrikuntza eta ikerketa ekarri zuen sukaldaritzaren arloan. Ekimen horretarik sortu dira gastronomiaren munduko elitean dauden sukaldari handiak, Euskadin Michelin izarrak dituzten jatetxe asko izateak erakusten duen moduan.

Txikiteoa eta goi mailako sukaldaritza miniaturan

Bisitariak sukaldaritza mota oso berezia aurkituko du Euskadin: pintxoak. Txikiteoari (hainbat lokaletan errondan ardoa hartzen duten lagun taldeak) lotutako tradizioa oinarri hartuta, mugimendu berritzaile eta aurkikuntzako honetan sartu dira, eta “goi mailako sukaldaritza miniaturan” deiturikoa dastatzeko aukera eskuragarri bihurtu da.

Euskal sukaldaritzaren tradizioa fenomeno berezi batean ere agertzen da: elkarte gastronomikoetan (txoko deiturikoetan, baita ere). Erakunde pribatuak dira, baina ugariak eta ezagunak. Gastronomiarako zaletasuna partekatzen duten taldeak biltzen eta jakiak prestatzen dituzte bertan. Elkarte horiek gero eta eskuragarriagoak dira eta horietako zenbaitek irekitzen dizkiete jada ateak bisitariei eta turistei.

Euskadi, auzolana