Helmuga turistikoak
Herriak
Oria ibaiaren ertzean dago Tolosa. Garrantzia historiko handia izan du.
Baina, iraganera arro begiratzen duen arren, garai berrietara egokitzen jakin du. Gipuzkoako hiriburu izan zena, Nafarroa eta Kantauriko portuak lotzen zituen igarobide garrantzitsua izan zen era berean eta, mende luzez, hainbat pribilegio izan zituen. Iragan laudagarri haren ondorio da estilo askotako eraikin eta monumentuz betetako hirigune historikoa.
Erdi Aroko hirigunea
Oria, Araxes eta Berastegi ibaietako urek bat egiten duten lautadan dago hirigunea, bi eremutan banatuta: Erdi Aroko erdigunea eta zabalgune berria. Parte zaharra zenbait plazak bereizten dituzten kale paraleloek osatzen dute. Bertan, Andre Mariaren parrokia-eliza nabarmentzen da. XVII. mendean eraiki zuten, eta "Euskal Gotiko" izeneko estiloari dagokio. Garaiera handiko hiru nabe eta gurutze-gangak ditu eta aparteko edertasuna duen fatxada barrokoa ageri du.
Santa Klara eliza eta komentua, udaletxe barrokoa, Idiakez, Atodo, Aranburu eta Aldundiaren jauregiak, Probintzia Agiritegia edota Donostiako Konstituzio plaza gogorarazten duen Euskal Herria enparantza herri honen ondarearen zenbait eredu baino ez dira. Arte garaikideak ere badu lekurik Tolosan. Zenbait kale eta plazatan, aire librean dauden eskulturez ere goza daiteke.
Herri barrutik haratago ere badago, ordea, zer bisitatu. Esaterako, Izaskungo Andre Mariaren baseliza. Uzturre (730 m) mendiaren babesean dago, Ibarran, alboko herrian. Tolosaldea eskualdearen panoramika ezin ederragoak eskaintzen ditu.
Tolosako kultura eta gastronomia
Tolosa kultur-jarduera handiko herria da, ardura handiz ohitura asko mantentzen saiatzen dena. Era askotako jaiegunak eta jarduerak antolatzen dituzte urtean zehar: hain ezagunak diren Tolosako inauteriak (Gipuzkoako zaharrenetakoak), San Joan zaindariaren jaiak ("Bordon Dantza" eta sua dira elementurik aipagarrienak), Zumardi natur-jardunaldiak eta abesbatzen eta txotxongiloen nazioarteko jaialdiak. Izan ere, Topic Txotxongiloen Nazioarteko Zentroa aurkituko dugu Tolosan, bere antzoki, erakusketa eta dokumentazio zentroarekin.
Gastronomiari dagokionez, lehenengo eta behin, asteroko merkatua aipatu behar da. Larunbatero, eskualdeko nekazari eta abeltzainek Tinglado plazan eta beste batzuetan kalitate handiko produktuak saltzen dituzte.
Tolosaz hitz egiterakoan ezin ahantz daitezke bertako idi txuletak eta tradizio handiko erretegiak, ezta Tolosako babarrunak ere. Azken horiek kolore iluna dute eta, Ibarrako piperminek lagunduta, aparteko zaporea dute. Postrerako, berriz, gozozaleek "zigarretak", "teilak" edota "xaxuak", herriko gozoki tipikoak, dastatzeko aukera daukate.