Askotariko musika jaialdiak: baduzu aukera Euskadin izaten diren 6 hauen artean
Joan edukira
  1. Ezagutu Euskadi
  2. Blog Turista Maitea
  3. Blog

Askotariko musika jaialdiak: baduzu aukera Euskadin izaten diren 6 hauen artean

Bilbao BBK Live
2025ko maiatzaren 15(e)an
Bilbao BBK Live

Hiriak Ekitaldiak

Kultura guztiek, baita antzinakoek ere, beti izaten dute musika adierazpenen bat. Gizakiaren egunerokotasunean beti egon izan da musika, eta sentimendu eta bizipenak adierazteko beharrak bultzatuta sortu omen zen.

Musikak mesede egiten digu: ongizatea, plazera, zoriontasuna, positibotasuna eta kontzentrazioa ekartzen dizkigu. Gainera, gure autoestimua areagotu eta gure sentimenduak bideratzen laguntzen digu. Gure musika jaialdi bat edo batzuk ezagutu nahi? Hona hemen gure gomendioak, hurrengo hilabeteetan izango diren jaialdiei dagokienez.

1. Azkena Rock Festival

2002. urtean hasi ziren Gasteizen jaialdi hori egiten, eta milaka rockzale elkartzen dira bertan harrezkero, urtero-urtero. Estatuko rock jaialdi garrantzitsuenetako bat da, eta underground estiloko taldeetan espezializatuta dago.

Hiru egunez, goi mailako musikariak ekartzen dituzte Gasteizko agertokietara, ikus-entzuleek talde mitikoen musikarekin goza dezaten.

Aurten ekainaren 19an, 20ean eta 21ean izango da; ba al zatoz? https://turismoa.euskadi.eus/eu/agenda/azkena-rock-festival/aa30-12375/eu/

Azkena Rock Festival 2025
Azkena Rock Festival 2025

2. Bilbao BBK Live

2006. urtetik Bilbon egiten den BBK Live jaialdia Estatu osoko garrantzitsuenetako bat da, eta sari ugari jaso ditu. Hasieran, rock eta pop musika egiten zuten taldeak ekartzen zituzten, baina, gaur egun, askoz ere genero gehiago entzun daitezke bertan.

Kobetamendiko belardietan kokatzen da, eta azken urteetako edizioetan 115.000 bat lagun bildu izan dira bertan hiru egunez. Bidezidorrez jositako parke bat da, eta baso txiki bat ere badago bertan; basoa oso garrantzitsua da jaialdian, musika elektroniko onenaren eskaintza aurki baitaiteke espazio horretan.

Ostegunetik larunbatera bitarte izaten da, aurten uztailaren 10etik 12ra. Ezagutu aurtengo kartelera gure webgunean! https://turismoa.euskadi.eus/eu/agenda/bilbao-bbk-live-jaialdia/aa30-12375/eu/

Bilbao BBK Live
Bilbao BBK Live

3. Esférica Arabako Errioxa

Esférica jaialdi kontzeptu berri bat da: musika, gastronomia, artea eta lurra biltzen ditu ekitaldi berean, bost zentzumenen gozagarri.

Arabako Errioxako hainbat lekutan izaten da: Guardia, Bastida, Samaniego, Lapuebla de Labarca, Eltziego, Eskuernaga eta Bilar. Zuzeneko musika paraje zoragarrietan, ardo dastaketak bodega ikusgarrietan eta eskaintza gastronomiko paregabea aurkituko dituzu Arabako Errioxako bihotzean.

Aurten, abuztuaren 22tik 24era bitarte izango da, jardueraz betetako 3 egunez. Ezin duzu galdu! https://turismoa.euskadi.eus/eu/agenda/esferica-rioja-alavesa-jaialdia/aa30-12375/eu/

Labastida
Labastida

4. Jazz jaialdiak

Uztailak jazz kutsua du Euskadin

Getxon, Gasteizen eta Donostian egiten diren jazz jaialdietan genero horretako izar handienak nahiz talentu berriak biltzen dira urtero. Hona hemen zure agendan ezinbestekoak diren hiru ekitaldi:

Getxo Jazz:

Getxoko jazz jaialdi enblematikoa Muxikebarrin izaten da, kostaldeko herri horretako Arte, Kultura eta Biltzar Zentroan. Ekimen horren helburuetako bat artista berriak ezagutaraztea da, eta generoak eman dezakeen onena ikus-entzuleei eskaintzea.

1975. urtean hasi ziren jaialdia antolatzen, hasieran Algortako Portu Zaharrean, baliabideak oso urriak zirelako. Baina, arian-arian, handitu egin da, eta mundu osoko jazz musikari onenak jaialdira etortzea lortu du.

Ikusi nahi al duzu zer nolako bilakaera izan duen? Apuntatu, beraz, egun hauek zure egutegian: Zatoz Getxora uztailaren 2tik 6rahttps://turismoa.euskadi.eus/eu/agenda/getxo-jazz/aa30-evento/eu/

Gasteizko Jazz jaialdia:

Gasteizko Nazioarteko Jazz Jaialdia nazioarteko jaialdirik garrantzitsuenetako bat da. 1977an sortu zen Jazzteiz kolektiboari esker, eta, harrezkero, etengabe handitu da, hasierako esentziari eutsita betiere.

Astebeteko jaialdia da, eta hiri osoan barrena antolatzen dituzte jazz kontzertuak, dela kalean, dela egoitza ofizialetan. Jazz generoko europar jaialdi onenetako bat dela esan dezakegu.

Uztailaren 14etik 19ra bitarte, baduzu aitzakia ezin hobea Gasteiza etortzeko. https://turismoa.euskadi.eus/eu/agenda/gasteizko-jazzaldia/aa30-12375/eu/

Donostia Jazzaldia:

Estatuko jazz jaialdirik zaharrena da, eta Europako zaharrenetako bat. Aurten 58. edizioa izango da, eta hasiak dira, jada, egitaraua atontzen. Jazz musikari handi guztiak izan dira Donostian!

Hainbat agertoki prestatzen dituzte hiri osoan barrena, horietako bat Kursaal eraikinaren ondoan, eta Zurriola hondartzako ikuspegi ederraz gozatzeko aukera izaten da zuzeneko musika entzuten den bitartean. 

Zatoz Donostiara uztailaren 19tik 27ra bitarte; primerako plana uda honetarako! https://turismoa.euskadi.eus/eu/agenda/donostia-jazzaldia/aa30-evento/eu/

Jazzaldia
Jazzaldia

Post honetan aipatu ditugun jaialdiez gain, mota guztietako musika generoak biltzen dituzten bestelako ekitaldiak ere izaten dira, hala nola MAZ Basauri, Donostiako Musika Hamabostaldia edo Getxo Folk. Eta zuri, zer sentiarazten ditu musikak? Bizi itzazu gure jaialdiak; erritmoz blai datorkigu uda!

Erlazionatutako artikuluak