Gaur Gasteizera gerturatuko gara, Espainiaren Independentzia Gerrako azkeneko guduaren historia ezagutzera: Gasteizko gudua.
Armagintzaren museoa bisitatzea eta Jundizko muinora doan ibilbidea jarraitzea izango dira gertakari historiko horren inguruan ardaztutako gure gaurko plan nagusiak.
GOIZEAN
Gaurkorako ekarri dugun proposamena Gasteiztik abiatzen da; Armagintza museotik, zehazki. Museoan, 1,5 ordu inguruko bisita baten bidez, gertakari historiko horren gako guztiak ezagutzeko aukera izango dugu. 1813ko ekainaren 21eko gudua hiri honetako gertakari historiko garrantzitsuenetako bat da. Egun hartan, soldadu espainiar, britainiar eta portugaldar multzo batez osatutako Armada Aliatuak frantsesak garaitu zituen Gasteizen inguruko lurretan, eta frantsesek Iruñea alderantz alde egin behar izan zuten.
Museoak garai hartako askotariko objektuak eta jazotako gertakariekin lotutako objektu ugari ditu erakusgai. Bertan, Europa osoaren historian giltzarri izan zen gertakari hura sakonetik aztertzeko beharko duzun guztia aurkituko duzu.
Museoa bisitatu ostean, 1813ko Gasteiz ezagutzera gerturatu gaitezke, garai hartako eraikin asko oraindik ere ondo mantenduta eta kontserbatuta baitaude: Plaza Berria, Arkupea, San Pedro eliza, Sokaren Etxea, eta abar.
Ibilbide historiko honen ostean, hiriko edozein taberna edo jatetxera hurbildu gaitezke euskal gastronomia tradizionalaz gozatzera.
ARRATSALDEAN
Arratsaldean, Ariñiz izeneko udalerri txikirantz joko dugu, Gasteiztik 4 kilometro eskasetara dagoena, haren mendebaldean. Handik gertu Jundiz muinora eramango gaituen bide bat irteten da, zeina balio kultural eta natural garrantzitsuak gordetzen dituen leku berezi bat den. Bere topografia dela eta, leku pribilegiatu bat da lurraldea bera eta bere inguruan jazotako gertakari historikoak ulertzeko; esate baterako, Gasteizko Gudua edota 1367ko martxoko Inglesmendiko gudua ulertzeko.
3,5 kilometroko ibilbide lineal bat da, joan-etorria egiteko 2 ordu inguru eskatuko dizkiguna.
Gaurko planari amaiera emateko, Arabako hiriburura itzuli, eta gaua eta afaria bertan egin ditzakegu.
KONTRATA DAITEZKEEN ZERBITZU-ENPRESAK:
Non jan plan honetan: www.euskadigastronomika.eus / www.vitoria-gasteiz.org
Non ostatu hartu plan honetan: www.nekatur.net / www.vitoria-gasteiz.org
Datu orokorrak
Informazio gehiago:
Gasteizko Informazio Bulegoa / Espainia Plaza, 1 behea / 945 16 15 98
Gaztelania, Euskara
Gomendioak