• Tentsioak saihesteko edo hegaztiak arriskupean ez jartzeko, kontuz ibili eta errespetuz jokatu behaketetan, argazkiak ateratzean soinuak grabatzean edo filmazioak egitean.
• Hegaztiak ikustean norbait etikarik gabe jokatzen ari dela ikusten baduzu, aztertu egoera eta esku hartu, egokitzat jotzen baduzu. Esku hartzeko erabakia hartzen baduzu, ohartarazi dagokionari gaizki jokatzen ari dela, eta saiatu, ahal den neurrian, portaera hori bertan behera uzteko konbentzitzen. Bere horretan segitzen badu, gertatutakoa idazki batean jaso eta dagokion erakundeari bidali; indarreko araudia urratzen badu, berriz, deitu lehenbailehen 112 zenbakiari.
• Mugatu grabazioen eta hegaztiak erakartzeko beste metodo batzuen erabilera. Sekulan ez erabili metodo horiek hegazti-behatzaileak sarri ibiltzen diren eremuetan, edota galzorian dauden, kontserbatzeko interesgarri diren edo eremuan arraroak diren espezieak erakartzeko.
• Urrundu habietatik, gorteiatzeko eremuetatik eta jantoki nagusietatik, hegaztiei enbarazurik ez egiteko.
• Hegazti arraro baten presentzia argitaratu baino lehen, pentsatu horrek berekin eragozpenak ekar ote ditzakeen, hegaztiarentzat, inguruarentzat edo eremuko beste pertsona batzuentzat. Dagozkien agintariei bakarrik jakinaraziko zaizkie hegazti arraroek habiak egiteko darabiltzaten tokiak.
• Ibili errepide, zidor eta bideetatik, habitatari ahalik eta gutxien eragozteko moduan.
• Aldez aurretik antolatuta edo kasualitatez hegaztiak taldeka ikusteko parada badugu, kontu handiz ibiliko gara. Talde bateko kide bakoitzak, arau orokorrak betetzeaz gain, erantzukizun jakin batzuk ere bete behar ditu taldeko kidea den heinean: Errespetatu zurekin batera hegaztiak ikusten ari diren lagunen interes, eskubide eta trebetasunak, baita aire zabaleko legezko beste jarduera batzuetan dabiltzanenak ere. Partekatu besteekin askatasunez zure jakintza eta zure eskarmentua. Lagundu batik bat hegazti-behatzaile hasiberriei.