INDARGUNEAK
Euskadin hegazti espezie ugari aurki ditzakegu, itsasoan eta lehorrean. Basoetan, landazabalean, mendietan edota kostaldean hegazti komunitateak dauzkagu ikusgai, eskakizun- eta esperientzia-maila guztietako edonork erraz ikusteko modukoak. Naturaguneetan erabilera publikoko ekipamendu bikainak daude, eta horri esker errazagoa da ingurunea errespetuz erabiltzea eta informazioa ongi eskuratzea: zidorrak, fauna-behatokiak, gida-zerbitzuak edo informazio-bulegoak, besteak beste.
Euskadin esperientzia ornitologiko ugari bizi ditzakegu, eta guztien artean bost NABARMENDU behar dira:
1. Itsas hegazti edo zetazeoak ikusi nahi dituzu?
CC BY-3.0-ES 2012/EJGV/Irekia-Gobierno Vasco/Mikel Arrazola
Euskal kostaldea, Kantauri itsasoak kulunkatzen eta astintzen duena, Ekialdeko Atlantikoko hegaztien migrazio-bidean dago, bete-betean. Azken urteetan, Euskadiren tradizio marinela mesedegarri izan da zetazeo eta itsas hegaztiak ikusteko zaletasuna bultzatzeko. Hala, gaur egun turismo-zerbitzuak eskaini ohi dira, interesdunak itsasontzitik, eta gidaren laguntzarekin, ur gaineko itsas bizitza ikusteko aukera izan dezan, hau da, baleak eta itsas hegaztiak ikus ditzan.
Bazter guztietatik iristen zaizkigu zaleak, zere, izurde, zanga edo marikoien ondoan nabigatzeko aukera aprobetxatu nahian. Antxeta eta gabai espezie ugariren artean ekaitz-txori txikiak ur gainean ikusteko aukerak ere gero eta jende gehiago erakartzen du.
2. Okilak beren giroan
CC BY-3.0-ES 2012/EJGV/Irekia-Gobierno Vasco/Mikel Arrazola
Euskadiko baso oparoei esker okil espezieen aniztasun handia daukagu gurean. Okil ertaina Izkiko Parke Naturalaren protagonista eta eremu osoaren ikur nagusia da, eta Euskadiko eta Euskaditik kanpoko hegaztizaleak erakartzen ditu.
Ohikoa da okil handiak, okil txikiak, okil berdeak eta lepitzuli euroasiarrak ikustea, eta hori gutxi balitz, okil beltzak ikusteko aukera ere izaten da batzuetan
3. Mota guztietako hezegunea
CC BY-3.0-ES 2012/EJGV/Irekia-Gobierno Vasco/Mikel Arrazola
Kostaldeko hezeguneek, padurek, laku artifizialek, aintzira naturalek, hezegune gaziek eta askotariko eremu hezeek, urtero-urtero hegazti urtarren populazio handiak erakartzen dituzte. Hegaztiak urte-sasoi guztietan ageri direnez, behaketaren zaleek urte osoa dute behaketaz etengabean gozatzeko.
Hezegune horietan ekipamendu bikainak daude jende guztiaren eskura, era guztietako hegaztizaleek bertan ezin hobeto ibiltzeko aukera izan dezaten. Mota guztietako bisitari taldeek ikasi eta goza dezakete, ardeido, anatido, lohietako espezie eta gainerako espezie urtarren bizitza zuzenean ikusiz.
4. Hegazti harkaiztarrak alde guztietatik
CC BY-3.0-ES 2012/EJGV/Irekia-Gobierno Vasco/Mikel Arrazola
Euskadiko mendilerroen malkartasun handiak gure mendietako garaiera ez oso handia orekatzen du nolabait. Ebakiak, erreka-zuloak eta arroilak ohikoak dira Euskadin, eta ohikoa da, halaber, haietan guztietan hegazti harkaiztarrak ikustea.
Arrano beltzak, sai arreak, sai zuriak eta ugatz dotoreak ere harat-honat ibiltzen dira, iheskor, harkaitz eta hegalen artean. Beste espezie batzuk, txikiagoak baina handiak bezain erakargarriak, erraldoi horien bidelagun dira sekulako hegaldi horietan: malkar-sorbeltzak, belatxinga mokogorriak eta belatz handiak dauzkagu esanguratsuenak.
Azkenik, eremu alpetarragoko beste hainbat espeziek osatzen dute gailur eta itsaslabarretako espezie gogokoenen zerrenda: tuntun alpetarra, belatxinga mokohoria, mendi-txirta, zozo paparzuria eta harkaitz-txoria.
5. Bazter paregabe bat hegazti mediterraneoentzat
CC BY-3.0-ES 2012/EJGV/Irekia-Gobierno Vasco/Mikel Arrazola
Arabako Errioxak, Euskadiko hegoaldeko muturrean, leiho berri bat irekitzen du hegaztizaleentzat eskualde bioklimatiko mediterraneora begira, ardo, aintzira eta mendien artean. Ebroren bailaran bete-betean, eskualde ikusgarri honek aukera handiak eskaintzen dizkio bidaiari zorrotzenari edota hegaztiak ikustea gustatzen zaionari.
Hegazti koloretsuenek eta mediterraneoenek nahi duten guztia aurkitzen dute bertan. Besteak beste, honako espezie hauek topa daitezke: amiltxori arruntak, koartza gorriak, apo-hontz europarrak, erle-txori europarrak, argi-oilarrak, txoriandre arruntak, buztanzuri horiak, txinbo papargorriztak, dilindariak, artzandobi kaskagorriak eta berdantza miarritzak.