Hasiera: ZabalganaAmaiera: Armentia
Ibilbidea biribila denez, edozein tokitan has dezakegu txangoa, baina guk nahiago dugu Zabalganako parketik, Gasteizko mendebaldetik, abiatzea. Landaguneko lur-eremuek, industrialde batek eta Zabalgana etengabe hazten ari den auzoak inguratzen dute parkea. Eredua da degradazio-arriskuan dauden ingurune naturalak suspertzeko lanetan, eta, bertan, belardiak, aintzirak eta erkametz basoa tartekatzen dira. Mendebaldean, Zabalganako parkea eta, ekialdean, Salburuakoa pasealeku berde batek lotzen ditu.
Pasealekuak iparraldetik inguratzen du hiria, Gamarrako parkeraino Zadorra ibaiaren ibilbideari jarraituz. Gasteizen, balio ekologiko handiena duen berdegunea da Salburua. Euskadiko hezegune kontinentalik garrantzitsuenetakoa da gainera: bi aintzirak, Betoño eta Zurbao, berreskuratzean, faunari eutsi ahal izan zaio. Aipagarriak dira ur-ipurtatsa eta Zurbaoko behatokitik ikus daitezkeen uretako hegaztiak. Salburuako parkean barrena ibilbide asko egin ditzakegu.
"Eraztun berdeak" hego-ekialderantz jarraitzen du arboladi batean zehar Olarizuraino. Inguru hori paseatzeko eta erromeriak egiteko erabili izan dute gasteiztarrek. Olarizu belardiz inguratuta dago eta naturaren inguruko hainbat jardueratarako ingurumen-parke gisa eratu da. Ekialderantz, Armentian, San Prudentzioren baseliza dago eta handik hurbil amaituko dugu ibilbidea, Armentiako basoan. Baso horrek 165 hektarea ditu eta, gehienbat, erkametzak egon arren, astigarrak, pagoak, gorostiak eta hurritzak ere badaude. Hainbat hegazti mota, katagorriak eta basurdeak bizi dira, landaguneak inguratuta, Gasteizko mendiak hurbil dituen basoan.