Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdea
Joan edukira

Etapa : Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdea

Hasiera: MutiloaAmaiera: Ormaiztegi

Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdeari heldu baino lehen Mutiloa udalerria eta Barnaola baserria lotzen dituen Troi Bidea egitea merezi du. Asfaltozko pista batetik gora egingo dugu, belardiak eta baserriak lagun ditugula. Apur batean bidetik aldenduko gara, eta Idiazabalen, izen bereko gazta ospetsuaren sorterrian, geldialdia egingo dugu. Gazta horri eskainitako Interpretazio eta Dastatze Zentroan jaki preziatu hori ondo baino hobeto ezagutzeko parada izango dugu.

Asfaltozko pista utzi eta bidezidor bati helduko diogu, harrizko errotak ikusteko. Behera egingo dugu, errekaren bideari paraleloan jarraitzeko. Ibilbidearen zatirik ederrenetako bat da honako hau, ezbairik gabe. Ondoren meatzarien garaiko lehenengo aztarnekin (hala nola, dekantazio-putzuak) egingo dugu topo. Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdearen hasieran Mutiloako meatze-esparruaren ustiategi zaharrak ikusiko ditugu, Aizpuru mendi-hegalean.

Beherago, Monastegizar baserriaren ondo-ondoan meatzarien garaiko hondar gehiago aurkituko ditugu: hondakindegia, ur eta mea biltegia eta garbitegia. Asfaltozko pistatik Mutiloatik datorren auzo-errepideraino joan eta bidegurutzera batera helduko gara; kotxetegiaren eta oinezkoen gaineko pasagunearen hondarrekin egingo dugu topo. Ibilbidearen zati honetan Izturi mendiaren hego hegala izango dugu bidaide. Ingurunea ederra da zinez.

Hurrengo interesgunea Lierniko mendixka izango da; bertatik bista ikusgarriez gozatu eta Aizkorri-Aratz Parke Naturala ikustatuko dugu. Lierni auzoko atsedenlekuan geldialdia egin dezakegu, indarberritzeko. Handik metro gutxira, Lierniko zubia zeharkatu eta Mugata mendiaren ezkerraldetik behera egingo dugu. Orografia menditsua da oso.

Aurrerago Estanda harana eta Ormaiztegiko bi trenbide biaduktuak ikusiko ditugu. Bide Berdea bi adarretan banatzen da: eskuinekoa antzinako meatze baten ahoaren aurre-aurrean amaitzen da, eta ezkerrekoa, aldiz, Ormaiztegiraino igotzen den asfaltozko bidean. Gure ibilbidea osatzeko, Aizpeako meategiak bisitatuko ditugu, Zerainen. Udalerri horren historiak lotura hertsia du burdin eta meatzaritzarekin. Aizpitta Interpretazio Zentroa, "Ingelesen Etxea" izenaz ezaguna den eraikinean, dugu Burdinaren Mendiaren (Monumentu Multzo izendatu zuten) erdigune.

Hiru kiskalketa labe handi eta Polborina deritzon meazuloa ere nabarmendu behar dira.

Etapa : Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdea

  • Bide Berdea
  • Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdea