Markina-Xemein | Euskadiko herriak eta hiriak | Turismoa Euskadi
Joan edukira
Markina-Xemein

Markina-Xemein

Helmuga turistikoak

Herriak

Pilotari handien sorlekua da eta Done Jakue Bidea igarotzen da bertatik.

Erromes askok igarotzen dute Lea-Artibaiko udalerri hau. XIV. mendean sortutako hiribildua bi herriguneren bategintzaren ondorioa da, Markinak eta Xemeingo elizateak bat-egitearen emaitza, alegia. Izan ere, Zenarruza elizatea eta Bolibar 2005ean bereiztu ziren. Herriguneak oraindik Erdi Aroko itxura mantentzen du, eta hiru kale paralelok eta zehar-kale batek osatzen dute. Alde zaharrean garrantzia handiko eraikin eta monumentuak daude.

Lehenengo eta behin, Karmengo komentua eta eliza aipatuko dugu. Tenplu horren fatxadan Ama Birjinaren eskultura eta karmeldarren ezkutua ikus ditzakegu. Sortalekua (egungo udaletxea), Andonegi eta Ansotegi jauregiak, Antxia dorrea eta antzinako udaletxea Markina-Xemeinen ondare-aberastasunaren beste zenbait adibide baino ez dira. Herrigunearen inguruan ere badaude ikustea merezi duten monumentuak. Adibidez, Patrokua jauregia edota Xemeingo Andra Mariaren Jasokunde parrokia-eliza (Euskadiko Monumentu Nazionala da). Baina baita Arretxinagako San Migel ermita, hexagono formako baseliza bitxia, ere. Bere aldarea hiru harritzarrek osatzen dute.

Pilotari askoren sorlekua

Markina-Xemein oso ezaguna da pilotarekin -euskal kirolik unibertsalenarekin- duen harreman estuarengatik. Bertako frontoia "Pilotaren Unibertsitatea" goitizenez da ezaguna, zestalari handienek bertan ikasi baitute.

Udalerriko zaindariaren jaiak, Karmen jaiak, uztailaren erdialdera ospatzen dira. Gainera, urtean zehar hainbat azoka eta jai egiten dira udalerrian. Besteak beste, azpimarratzekoa da urrian egiten den ganadu eta nekazaritza azoka. Inauterietako maskaren garaia abagune ederra da udalerrira hurbiltzeko eta bertako kultura eta ohituretan sakontzeko.

Datu interesgarriak

Hedadura
63.87 Km
Biztanle-kopurua
5,032

Ekitaldiak