Helmuga turistikoak
Herriak
Segura dugu Erdi Aroko Goierriko hiribilduetako bat.
Merezi du bisitatzea, bai bere ingurune natural ederragatik, bai almendra itxurako eta sarbide errazeko hiriguneagatik. Aizkorri eta Txindoki mendi ederrek inguratzen dute, eta Oria ibaia dauka aldamenean.
Garai batean, Gaztelaren eta kostaren arteko merkataritza ibilbide nagusietako bat izan zen. Horregatik, Gipuzkoako hiri garrantzitsuenetako bat zen Erdi Aroan. Garai hartako xarma gordetzen du Segurako alde zaharrak oraindik. Obalo itxura dauka eta monumentu multzo izendatu zuten. Iragan oparoa islatzen duten hainbat etxe eta jauregi dotore ikus ditzakegu bertan: Jauregi eta Lardizabal jauregiek, monumentu historiko-artistiko izendatutako erretaula barroko-rococoa ageri duen euskal gotiko estiloko Jasokundeko Amaren parrokiak eta Gebara zein Ardixarra etxeek aparteko aipamena merezi dute.
XVI. mendeko etxebizitza-lantegia da Ardixarra, eta oso ondo mantendutako egurrezko egitura dauka. Erdi Eroko Interpretazio Zentroaren egoitza da egun. Hirigunetik kanpo, herriaren inguruak ezagutzeko ibilaldi ugari egin ditzakegu, Santa Barbara (730 m) mendira, Santa Engrazi auzora eta Zerain herrira, besteak beste.
Ohiturak eta festak Aste Santuko prozesioek egin dute ezagun Segura. Guztiz errotura dago ohitura hori herrian, belaunaldiz belaunaldi egin izan dutelako. Nazarenoek, soldadu erromatarrek eta musikariek, besteak beste, alde zaharreko kaleetan desfilatzen dute Ostegun eta Ostiral Santuan. Bestalde, ekainean ospatzen dituzte San Joan zaindariaren omenezko jaiak. Aurreko asteburuan, Euskal Herriko dantza txapelketa egiten dute 1977az geroztik. Era berean, ezin ahantz daitezke herrian egiten diren azokak: Erdi Arokoa eta loreena eta landareena, apirilean, eta Euskal Herriko hegaztiena, irailean.