Helmuga turistikoak
Herriak
Busturiako merindadeko elizate hau izaera menditsuko udalerria da, Gernika-Lumo eta Lekeitio udalerrien artean dagoena. Bisitatzeko moduko toki eta monumentu interesgarri ugari ditu. Ereñoren berezitasun nagusiak marmola eta harrobien ustiapena izan dira, herrian betidanik landu izan diren alorrak.
Hirigunean barneratuz, Ereñoko ondare historikoko eraikuntza nagusiarekin egingo dugu bat: San Migel eliza ederra, gotiko eta errenazimendu garaiko eraikina.
Bizkaiko ikuspegi paregabea
Bista ederrak maite dituztenentzat ezinbestekoa da Ereñozarko San Migel ermitara igotzea, 448 metroko altuera duen mendixkara, hain zuzen. Han goitik paisaia zoragarria izango dugu begi bistan; batetik, Gorbeia mendia (1.481 m) eta Durangaldea eskualdea, eta, bestetik, Mundakako itsasadarra zein haren portua eta kostaldeko udalerri ederrak, hala nola, Ea eta Ibarrangelua. Hori guztia, Kantauri itsasoa atzean dela.
Zalantzarik gabe, leku ikusgarria. Bestalde, Busterrigane zonaldean, kobazulo itxia aurkituko dugu, Geranda muinorako bidean; haren inguruetan, halaber, Potoko haitzuloaren amildegia ikusteko aukera izango dugu. Ereñoko jai nagusiak irailaren 30ean ospatzen dira, San Migel festak, hain zuzen ere.