Euskadi nortasun handiko herri txiki bat da. 5.000 urtetik gorako historiarekin, kultura bakar eta berezia du, eta Europako hizkuntzarik zaharrena.
Gaur egun herrialde moderno bat da, eta munduko zortzigarren lekuan dago Giza Garapenaren Indizean, Nazio Batuen Garapenerako Programaren arabera.
Kantauri itsasertzaren ekialdean kokatua, 7.234 km²-ko azalera du, eta lotura gune da Europako ardatz atlantikoan. 2 milioitik gora biztanlerekin, 300 biztanle/km²-ko dentsitatea du.
Gasteiz da Euskadiko hiriburua, eta Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak hiri horretan dute egoitza. Hezkuntzan, Industrian, Kulturan, Osasunean, Segurtasunean eta Zerbitzuetan duen autonomia mailari esker, giza garapenaren indize handia lortu du: munduko zortzigarren posizioan dago. Bi dira hizkuntza ofizialak: euskara eta gaztelania.
EAEk hiru lurralde historikok osatzen dute: Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak. Lurralde bakoitzaren arkitektura instituzionala Foru Aldundian -organo betearazlea- eta Batzar Nagusietan -ganbera legegilea- oinarritzen da.
EAEk zerga sistema berezia du, bakarra munduan. Kontzertu Ekonomikoa aldebiko erlazio elementu bat da zerga eta finantza arloan Euskadiren eta Espainiako estatuaren artean. Gaur egun, Kontzertu Ekonomikorik gabe, ulertezina litzateke euskal gizarteak azken hamarkadetan hazkunde ekonomikoan eta gizarte kohesioan izan duen garapena.
www.conciertoeconomico.org 👉Industria euskal ekonomiaren motorra da, BPGren % 21,7, eta laugarren industria iraultzaren buruan kokatzeko helburua du: % 130eko produktibitatea langile bakoitzeko. Langabezia tasa % 12,89koa da, estatuko beste erkidegoetan baino askoz txikiagoa.
Euskadi zortzigarren postuan dago Europako per capita errentan. 16 urteko eta gehiagoko biztanleen % 33k goi-mailako titulazioa du. Bizi itxaropena 83,4 urtekoa da, eta munduan soilik Japoniak eta Hong Kongek gainditzen dute balio hori.
Euskadik komunikazio eta garraio azpiegitura sendo bat du, errepide, trenbide eta aireportu sare garrantzitsuarekin, eta konexio bizkor eta erosoekin estatuko gainerako erkidegoetara eta Europara. Errepide sareak 4.264 km ditu, eta horietatik 500 autobideak dira. Hiru hiriburuek aireportua dute, nahiz eta soilik Bilbokoa den nazioartekoa.