Euskadi Basque Country
 
Euskadiko Turismo Ataria
euskadi.eus

NABARMENDUAK

 

  1. Ezagutu Euskadi
  2.  
  3. Euskadiri buruz
  4.  
  5. Kultura

Kultura

Kulturaren herrialdea

Hamaika estilotako musika, zinema, dantza, antzerkia Euskadin, nonahi goza daiteke kulturaz, batez ere lehen mailako hainbat jaialdiri esker. Nazioarteko izarrek eta errealizadore berriek Donostiako Zinema Jaialdian egiten dute topo; "bel canto" -aren ahotsak, berriz, Bilbon batzen dira opera-denboraldiari hasiera emateko, eta jazz-musikari onenek Gasteizen dute hitzordua, Getxo eta Donostiatik igaro ondoren.

Euskadi, gainera, monumentala da. Labar margoetatik hasita eraikuntza modernoetara arte, ondare historiko artistiko oparoa dugu. Estibalitzeko basilika erromanikoa, Gotiko garaiko tenplu eta dorreak, Loiolako santutegiaren barrokismo zirraragarria, Arantzazu euskal abangoardisten bilgunea eta Guggenheim eta Artium museoak bezalako eraikin garaikideak gure herriko aberastasun artistikoaren adibide batzuk besterik ez dira.

Jaiak, ohiturak eta gastronomia

Kirol, jai eta usadio gehienen oinarrian baserriaren kultura dago. Garai berrietara moldatu dira, baina euren funtsezko izaera galdu barik. Euskaldunek kirol eta aisia bihurtu dituzte baserriko lanak, ondo pasatzeko asmoz. Enborrak eta soroetako belarrak moztea, harriak jasotzea, txakurren laguntzaz artzainek artadia zuzentzeko trebetasuna eta beste hainbat jarduera herri-kirol bilakatu dituzte gurean.

Euskadi eta Europako mugak gainditu dituzte horietako kirol askok. Pilota, esate baterako, ezaguna egin da modalitate guztietan mundu osoan. Zaila da edozein jai, azoka edo erromeria herri kirolik gabe imajinatzea, eta zer esanik ez, dantza eta musika tradizionalik gabe. Euskal folklorearen elementu garrantzitsuak dira horiek, eta baita bertsolariak, inprobisatutako bertsoak euskaraz, euskaldunon hizkuntzan, abesten dituzten poetak, ere.

Ongi jateko eta edateko zaletasuna kulturala da Euskadin. Merkatuetan, etxeetan, jatetxeetan eta elkarte gastronomikoetan argi eta garbi antzeman daiteke hori. Kalitate goreneko produktuak oinarri dituen sukaldaritza tradizionala eta sukaldaritza berritzaileak ospe handia dute nazioartean. Usain, kolore eta zapore ezberdinen artean, jaki landuak, ahogozagarri bikainak, dastatzeko aukera dute bisitariek.

Euskara

Bere jatorria ezagutzen ez den hizkuntza da euskara, ez baitu loturarik Europako hizkuntz familiekin, indoeuroparrarekin edo Uraletakoarekin. Bere jatorriaren data zehatza ezagutzen ez den arren, espezialista gehienak bat datoz ziurrenez Europako kontinenteko hizkuntza zaharrena dela adieraztean. Beste hizkuntza batzuen eragina jaso du, adibidez zelta, latina, erromantzea, gaskoia, gaztelania eta abarrena, eta era berean oso ekarpen interesgarriak egin dizkie hizkuntza horiei ere bai. Euskal hizkuntzaren historia, XX. mendean erabat sartu arte, hegoaldetik iparraldera bere lurraldea pixkanaka galtzen ari den hizkuntza baten historia da, faktore historiko desberdinek eraginda (politikoak eta ekonomikoak, gehienbat). Gaur egun, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako lurraldeetan bizirik jarraitzen du, baita Ipar Euskal Herriko lurraldeetan ere, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan hain zuzen.

Lehenengo idatzizko literatur lana 1545ekoa da, nahiz eta euskaraz idatzitako lehenengo hitzak gaztelaniazko erromantzezko X. mendeko Emilianoar Glosetan agertzen diren lehenengo aldiz. Horren zergatia hauxe da, herri-literatura eta tradizioa ahoz transmititu izan direla batez ere.

Euskara XX. mendean hasi zen berreskuratzen, aurreneko fasea lehenengo ikastolaren sorrera izanik (1914), baita Euskaltzaindiarena (1918), eta ondoren ikastolen mugimenduarena. Aldi hartan (1968) euskara batuaren oinarriak ere sortu ziren.

60ko hamarkadan hasitako susperraldia 80ko hamarkadan eta 90ekoan sendotu zen, euskara, gaztelaniarekin batera, hizkuntza ofizial bilakatu zenean Euskal Autonomi Erkidegoan, eta erakunde publikoek euskararen normalizazio eta sustapenerako politikei ekin zietenean. Horrela, azken hogei urteotan euskarak gero eta hiztun gehiago bereganatu ditu eta gizarte eta kultur eremu desberdinetan ezartzea lortu du, esate baterako: hezkuntza, unibertsitate, administrazio, hedabide eta abarretan, gero eta aukera zabalagoa osatuz.

Interesgarria

Informazio gehiago

Euskadi, auzolana