Hasiera: GasteizAmaiera: Gasteiz
Kostaldetik ekarritako arrain freskoak, Ebroren ertzeko baratzetako produktuak¿ Historian zehar, Gasteizko biltegiak lepo beteta egon dira, batez ere, hiria bidaiarien eta merkatarien igarobide garrantzitsua zelako. Jende eta merkantzien joan-etorri horri erantzuna emateko, ostatu asko eta asko sortu ziren bertan.
Hortaz, Gasteizko ostalaritzak kalitatezko zerbitzua eskaintzen du egun, iraganetik hartutako ohitura horri eutsita, eta bidaiariek mendetan goraipatu duten gastronomia anitz eta oparoaz goza dezakegu oraindik ere hiriburuko taberna eta jatetxeetan. Esan bezala, Arabako hiriburuan ohikoa da babak gasteiztar erara jatea. Antzina, babazorro deitzen zieten gasteiztarrei mespretxuz, baba asko jaten omen zituzten eta. Haatik, egun, udaberrian, baba freskoak oso preziatuak dira. Gainera, jaki hau prestatzea erraza da oso: babak egosiko ditugu lehenik. Gero, zartagin batean urdaiazpikoa eta hirugiharra pixka bat egin, eta, ondoren, babekin nahastuko ditugu. Azkenik, baben salda apur bat loditzen utziko dugu.
Bestalde, ezin dugu Gasteiztik alde egin perretxikoak eta barraskiloak jan gabe. San Prudentzio egunean (apirilak 28), bi jaki horiek jateko ohitura handia dago Araban. Modu tradizionalean prestatzen dituzte gainera: perretxikoak zartaginean pixka bat pasatu eta gero arrautzarekin nahastu behar dira. Barraskiloei dagokienez, uretan hainbat aldiz garbitu eta tomatez, kipulaz, berakatzez, piper lehorrez, txorizoz eta txerri solomoz (edo urdaiazpikoz) egindako saltsan prestatuko ditugu.
Horrez gainera, patata ere nabarmentzeko modukoa da. Ziurrenik, patata oinarri duten errezeten eta jakien lehiaketa antolatzen bakarra da Gasteiz munduan. Ameriketatik heldu zen tuberkuluaren ikerketa lanetan eta laborantzan aitzindaria izan da Araba. Ondorioz, patatarik onena lortu dute bertan eta gehienbat Arabako mendialdean landatzen dute produktu hori. Horren harira, arabarrek oso gustuko dituzte patatak txorizoarekin, Euskal Herrian zabaldu den jaki bikaina.
Ibilbidea postre gozo batekin amaituko dugu. Izan ere, Arabako Gozogile eta Pastelgileen Elkarteko kideek ongi merezitako fama dute, egiten duten gozoki oro klasiko bihurtzen baitute; horren adibide dira San Prudentzio postrea, Andre Maria Zuriaren pastela eta neskitak eta baskitoak bonboi ezagunak.