Helmuga turistikoak
Herriak
Igarobide den zeinahi bidetatik urrun dago Nabarniz, geografikoki bakartuta. Horrek eragina izan du bere hirigintzan, eta, hala, landa hirigintza bakartu eta barreiatua du. Eta bertako ondare elementu garrantzitsuenak, hain justu, baserriak eta baselizak dira. Udalerri honetan egingo dugun ibilbidea Ikazurieta auzoan hasiko dugu.
Bertan, Ondoroko hilobi koba bisitatuko dugu. Hortik, Nabarnizko gune berezienetako batera joko dugu: Omara, bere ibilbidean txoko ederrak sortzen dituen errekara. Elexalde auzora, Nabarnizko gune nagusira, iristean, Gorritiz-Gorostizagako Andre Maria eliza ederra ikusiko dugu lehengo eta behin, euskal arkitektura neoklasikoaren adibide bikaina baita. Lekerika auzoan, bestalde, Santiago eliza gotikoa bisitatu eta Oiz mendiko (1.026 m) ikuspegi paregabeez gozatuko dugu.
Aparteko begiratoki naturala
Ingurune natural ezin ederrago batean dagoenez, ezkutuko txokorik ederrenak ezagutzeko ibilaldi ugari egiteko aukera eskaintzen du Nabarnizek. Besteak beste, Iluntzar mendira igo gaitezke, udalerriaren gainean ageri den begiratoki naturalera. Urdaibaiko panoramika ederrez gain, Oka ibaiak osatzen duen bailara eta Oma eta Basondo artadiak ikusteko aukera ematen du, Sollube mendia aurrean ageri duela.
Irailaren 8an ospatzen dituzte Nabarnizen herriko jai nagusiak, Andre Mariaren omenezko jaiak. Idi-probak izaten dira egun horretako ekitaldi nagusia.