Helmuga turistikoak
Herriak
Ebro ibaiaren urertzetik gertu dago Bastida, eta Arabako Errioxan kokatuta dago.
Iparraldean, Toloño (1.271 m) mendiak babesten du; hegoaldean, berriz, Ebro ibaia dauka, Araba eta Errioxako autonomia erkidegoa banatzen dituen muga naturala.
Bastida ezinbesteko lekua da ardoaren sekretu guztiak ezagutu nahi dituen ororentzat. Batetik, zur eta lur utziko gaituzte inguruko mahasti ikusgarriek. Bestetik, herriko upategiak bisita daitezke, aspaldiko haitzuloekin hasi eta egungo upeltegi handietara iritsi arteko bilakaera ikusteko. Biztanle asko ardogintzatik bizi dira, horixe baita herriko ekonomiaren ardatza.
Ondare oparoa
Hain preziatua den edari hori dastatu ostean, Bastidak dituen gainerako altxorrei erreparatuko diegu. Alde zaharrean, esaterako, elementu erromanikoak eta gotikoak uztartzen dituen Santo Kristo ermitarekin egingo dugu topo. Toloño eta Larrazuria arkuek ere aipamen berezia merezi dute. Izan ere, garai batean herrira sartzeko ateak izan ziren eta zutik mantentzen dira oraindik.
Ardoak eta produktu honen inguruko kulturak zeresan handia dute herriko jaietan ere. Urte osoa da aproposa Bastidara joateko baina, batik bat, azaroa. Hilabete horretan amaitzen da mahats-bilketa eta, hori ospatzeko, jai berezi bat egiten dute. Musika eta giro ona izaten dira jaun eta jabe herriko kaleetan egun horretan.