Helmuga turistikoak
Lurralde historikoak
Euskadi osoari begiratuz gero, Araba lurralde berezia dela ikusiko dugu. Izan ere, berezkoak dituen ezaugarriek Euskal Autonomia Erkidegoko beste lurralde historikoetatik desberdintzen dute. Paisaia ezberdinak biltzen ditu, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez bezala, eta, gainerako lurraldeak isolatuta zeuden garaian Araba igarobidea izan zenez, ondare historiko oparoaren gordailu da egun. Horrez gainera, nekazaritzak pisu handia du lurralde honetan, eta egitura demografikoa eta klima ere bestelakoak dira. Halaber, Arabako Errioxako, hegoaldeko eskualdeko, ardoaren kalitate bikainagatik ere ezagutzen dute askok lurraldea. Horiek dira, hain justu, Arabaren izaera berezia definitzen duten ezaugarriak.
Ibiltarien eta erromesen joan-etorrien lekuko izan dira Arabako lurrak menderik mende. Hortaz, Arabak hainbat herri eta kulturaren eragina jaso du, eta horren adierazgarri dira lurraldean ondare historiko aberats eta garrantzitsua osatzen duten eraikin eta monumentuak. Arrasto historiko anitzen artean, Iruña-Veleiako aztarnategi erromatarra azpimarra dezakegu. Halaber, Arabako Lautada zeharkatzen duen galtzada, mendialdeetan eta hegoaldeko arroetan aurki daitezkeen historiaurreko aztarna ugariak eta Gesaltza Añanako gatzaga zuriak (Euskadiko irudirik harrigarrienetarikoa), goza daitezke, besteak beste.
Hala eta guztiz ere, Gasteiz, Arabako hiriburua, ezin dugu aipatu gabe utzi; Eusko Jaurlaritzak han dauka egoitza eta, hortaz, EAEko administrazio-hiriburua da. Gune berde zabalak, oinezkoentzako kaleak, Erdi Aroko hirigune zaharberritua eta garapen orekatua: ezaugarri horiei esker da Gasteiz egun Europan bizi-kalitaterik onenetakoa eskaintzen duen hirietako bat. Araba osoko biztanleen hiru laurden pasatxo bertan bizi dira; halere, hazkunde hori modu orekatuan jazo da XX. mendean eta, oro har, azken hamarkadotan. Hala, Gasteiz, hiri eroso eta abegitsua, oinezkoen neurrira egindako merkataritza, administrazio eta zerbitzu hiria da.
Naturguneak eta ardoaren kultura
Hiriburua eta herri gutxi batzuk (Laudio, Amurrioý) kenduta, han-hemenka dauden landa giroko herri txikiek osatzen dute Arabako lurraldea. Horri esker eta industrializazio prozesua urria izan dela eta, ongi zaindutako naturgune garrantzitsuak daude. Horien artean, hauek ditugu: Valderejoko parke naturala, Entzia eta Izki naturguneak, Biasteriko aintzirak eta Gorbeia, Urkiola eta Aizkorri, Arabak iparraldeko lurraldeekin partekatzen dituen parke naturalak.
Hala ere, Arabako Errioxa da seguru asko lurralde honetako eskualderik ezagunena. Merezi du Arabako hego muturrean kokatutako ingurune hori ikustea, bertan egiten duten ardo gozoagatik zein hango ondare historiko eta kultural aberatsagatik. Arabako Errioxa ardo onaren sinonimoa da eta harresidun herriek, mahastiek eta ardandegiek marrazten dute hango paisaia. Ardandegi horietako batzuk, gainera, arkitektura lan ikusgarriak dira, Ysios eta Marques de Riscal etxekoak, esate baterako. Santiago Calatrava arkitektoak diseinatu du lehendabizikoa, eta Frank Gehryk bigarrena. Azken horrek, ezinbestean, Guggenheim Bilbao Museoa ekartzen digu gogora.