Euskal Herrian zehar ibiltzeko asmoa dugunean, beti dugu gastronomia gogoan. Proposatzen dizugun plan honetan, euskal gastronomiaz gozatzeaz gain, gure produkturik tradizionalenetako batzuen jatorria ere ezagutu ahal izango duzu.
Eta plan hau ahaztu ez dezazun, gure lurraldearen pusketa bat eraman ahal duzu, gehien atsegin dituzun produktuak erosi eta etxera eramanda!
(Plana ostiraletan egiteko pentsatuta dago, Azpeitiko merkatua baita egun horretan)
GOIZEAN
Eguna Beizaman hasiko dugu, eskualdeko udalerririk altuenean. 175 biztanle baino ez ditu. Lehenik eta behin, otaegitarren Arreta baserrira joango gara. Otaegitarrak 1936an hasi ziren artzaintzan, Tomasek (oraingo artzainaren aitona) baserria –1650ean eraikia– erosi zuenean. Gazta egiten hasi zen orduan. Instalazio modernoak dituzte gaur egun; Idiazabal jatorri-izen babestuko gazta nola egiten duten ikusi eta arkume-hazkuntzari buruzko azalpenak entzun ahal izango dituzu haietan, eta, horrez gain, askotariko gauzak ere badituzte museo batean, hala nola nekazaritzako lanabesak, arropa, orgak, uztarriak, sukaldeko tresnak, altzariak eta beren arbasoen argazkiak. Bisita amaiturik, bertan egindako produktuak eskuratu ahal izango dituzu, etxean haietaz goza dezazun.
Gure hurrengo geralekua 10 minutura baino ez dago autoz: Urkizahar baserrira joango gara, txakolin ekologikoa egiten baitute han. Getariko Txakolina jatorri-izeneko mahastirik altuena dela adierazten dute harrotasunez, eta halaxe baieztatzen du handik dagoen ikuspegiak. Bisita amaituta, Azpeitira abiatuko gara. Hiribildua Fernando IV.a Gaztelakoak sortu zuen, 1310. urtean Garmendia Iraurgikoa izenarekin. Herri oso ezaguna da, Loiolako santutegia bertan dagoelako, eta urtero milaka lagunek bisitatzen dituzte Loiola auzoan dauden San Ignazioren jaiotetxea eta basilika. Ugari dira herrian bazkaltzeko aukerak, eta onak dira guztiak!
ARRATSALDEAN
Bazkaldu ondoren, Azpeitiko merkatua –Azpeitiko Azoka plaza– bisitatzea da gure proposamena. Tokiko baserritarrak eta ekoizleak hara joaten dira produktuak horretarako antolatutako postuetan saltzeko. Gainera, merkatuan dagoen dendan (Elikagunea) tokiko eta inguruko produktuak baino ez dituzte saltzen. Tokiko ekoizleekiko harreman zuzenari esker, gure gastronomiako sekretu ugari ezagutu ahal izango dituzue.
Eguna amaitzeko, Egaña gozotegira joatea proposatzen dizuegu: 1902. urtean ireki zuten Egaña gozotegia. Gaur egun familiaren laugarren belaunaldia arduratzen da Azpeitiko herria gozatzeaz. Jabier Egañak ignazio ospetsuak sortu zituen 1960ko hamarkadaren hasieran, eta etxe honetako bereizgarri bihurtu dira: Hostorezko tartaleta bat da, arbendol-kremaz betea, eta zapore aparta eta berezia du bere formula sekretuari esker. Ezin ezetzik esan horrelako gozoki bati!
KONTRATA DAITEZKEEN ZERBITZU-ENPRESAK:
Bisita gidatuak:
Ondarez: 606 175 356 / ondarez@loiola.eus
BASK ALIVE: 674 31 47 43 / www.baskalive.com / baskalive@euskotour.com
Non jan plan honetan:
https://urolaturismo.eus/es/2013-11-06-21-58-08/gastronomia-non-jan
Non ostatu hartu plan honetan:
https://urolaturismo.eus/es/bidaia-antolatu/itemlist/category/2-non-lo-egin
Datu orokorrak
Informazio gehiago:
Loiolako Santutegiko informazio puntua
https://urolaturismo.eus/eu/2013-11-06-21-58-08/esperientzia-gastronomikoak/gure-baserriak
https://urolaturismo.eus/eu/2013-11-06-21-58-08/azokak-eta-ekitaldiak
Gaztelania, Euskara
Gomendioak