Hondartzaz eta surfaz ahalik eta erosotasun handienaz gozatzeko, ezinbestekoa da ondo ekipatuta joatea, bai uretarako, bai hondartzarako.
Surfeko jantzi egokiak ur hotzaren eta haizearen aurrean babestuko zaitu. Erosotasuna, malgutasuna eta berotasuna bilatu surfeko jantzian.
Aukeratu urte-sasoi bakoitzerako jantzi egokia.
Neguan 4-3 mm-ko jantzia, txapinekin eta zenbait kasutan txanoa eta eskularruekin nahikoa izango da.
Udazkenean eta udaberrian 3-2 mm-ko jantzia da egokiena.
Udan, uraren tenperatura dela eta, jantzi motzarekin edo jakatxoarekin ezin erosoago ibiliko zara.
Zaindu zure jantzia, bainatu ondoren uretan pasatu eta itzalean lehortu.
Aukeratu gehien gustatzen zaizun bainujantzi mota. Surfa praktikatzeko erabili motzagoa.
Likrak surfeko jantziak eragindako urratuetatik babestuko zaitu eta udan eguzkitik babestuko zaitu. Likrarik ez baduzu, kamiseta erabili ahal izango duzu.
Pieza bakarreko bainujantzia da onena surfa praktikatzeko. Bainujantzia eta likra ere aukera onak dira. Ilea lotuta eramatea gomendagarria da.
Urteko edozein garaitan egonda ere, erabili beti eguzkitako krema. Udan erabili gutxienez 30eko babesa duena eta ura jasaten duena. Hondartzan zaudenean eta eguzkia egiten duenean, babestu burua txanoarekin.
Garrantzitsua da ura eta elikagaiak beti eskura izatea. Saihestu hondartzan ordu asko urik edan gabe egotea. Surf-saio bakoitzean likido ugari botatzen da eta berriz hornitu behar dira.
Oso garrantzitsua da surfeko maila bakoitzerako ohol egokia aukeratzea. Hasiberria bazara, ohol egonkorra bilatu beharko duzu, olatuak erraz hartu eta ur-azalean erraz mantentzeko, horrela, ondo pasatu ahal izateko.
Olatuen baldintzak eta tamainaren arabera ohol egokia aukeratzea ere oso garrantzitsua da.
Zorroak ohola kolpeetatik eta eguzkitik babesten du eta errazago eramaten lagunduko dizu. Bidaiaren bat hegazkinez edo bestelako garraio publikoren batean egiteko asmoa baduzu, onena bidaia-zorroa erabiltzea da. Autoan eramateko nahikoa da oihalezko zorroa.
Inbentoak ohola zurekin lotzen du surfa egiten duzun bitartean; erortzean ohola berehala berreskuratzen lagunduko dizu eta beste surflariak kolpatzea eragotziko du. Inbentoa egoera onean gorde, ez biribilkatu, ez behartu eta surfa praktikatzeko soilik erabili. Inbentoaren tamaina zure garaieraren, oholaren eta olatuen arabera aukeratu behar duzu.
Parafinak oholaren gainean zutik egoten lagunduko dizu. Aldatu oholaren parafina denboraldi bakoitzean.