Euskal gastronomia, enologia eta hiriburuak dira 2015ean munduko berriemaile turistikoak liluratu dituzten erakargarri nagusiak. Coucheari Euskadi gustatzen zaio, izan AEB, Frantzia, Holanda, Danimarka, Txina, Txile edo izan Polonian. Adibidez, Ongi Etorri izeneko erreportaje zabal bat argitaratu zuen Ameriketako Estatu Batuetako Caviar Affair aldizkariak. Aldizkaria "luxuaren" segmentuari bideratuta dago, eta, berak kalifikatzen duen moduan, bere irakurle "aberatsenentzako" "munduko esperientzia gorenak" bilatzen ditu. Erreportaje horretan, ibilbide oso zabala egiten da Getariatik Bilbora, eta tartean, Donostia, Vitoria-Gasteiz eta Arabako Errioxa aipatzen ditu. Goi mailako gastronomia eta pintxoak dira Peter Sukonik egilearen proposamena. Gainera, euskaldunen abegitasuna ere nabarmentzen du. Euskadi, ordea, era guztietako beste argitalpen askotarako norako interesgarria da: bidaietan edo gastronomian espezializatuak, modari eta luxuari buruzko egunkariak edo magazinak, nazioarteko airelinen argitalpen korporatiboak... "Pintxoetatik Michelin izarretara" izan zen Holandako KCK aldizkariaren izenburua; aldiz, Mexikoko Moiré aldizkariak Euskadiri buruz hitz egin zuen izenburu honen pean: "Luxuzko enoturismoa Europan". Danimarkako Ekstra Bladet egunkariaren ardatza, ostera, Bilbo izan zen. Frantziako Sud Ouest argitalpenak monografiko bat argitaratu zuen, "Vitoria-Gasteizen 1001 alderdi" izenburupean. Cosmopolitan aldizkariko Errusiako edizioko Olga Isakova berriemaileak, berriz, "ardorik goxoena dastatzea" eta "Donostiako hondartzetan eguzkia hartzea" gomendatu zuen. Bestalde, Aer Lingus Irlandako airelinearen Cara magazinak, kontraste hau nabarmendu zuen: "Bilboko hiriko zalapartatik ardoaren eskualdeko bakera".