Ezagutu Euskadi
Ehunmilak ultratrail Gipuzkoako kirol egutegiko hitzordu handietako bat da. Uztaileko asteburu oso bat hartzen du eta Goierri inguruan egiten da. Proba hau eta Zegama-Aizkorri delakoa natura ingurune paregabe batean egiten dira, Aralarreko eta Aizkorri-Aratzeko parke naturalen bihotzean. Ehunmilaken ibilbidea eta iraupena direla eta, kirolariekin datozenek ere naturaz eta mendiko turismoaz gozatzeko aukera izango dute. Izan ere, proba horiei esker bisitariei zuzendutako hainbat ekimen bultzatu dira; esaterako, Gaztaren ibilbidea, Zegamako Trail Estazioa, baita inguruko erakundeek bultzaturiko Basque Highlands marka bera ere. Hala, mendiko lasterketak eta natura produktu turistiko bilakatzen dira eta lehendik ere, Idiazabal gaztari, sagardotegiei, D’elikatuz zentroari, gaztandegiei eta Ordiziako azokari esker, Goierriko erakargarri garrantzitsuena zen gastronomiari batzen zaizkio.