Hiri-azpiegituraz betetako Txorierriko bailaran dago Sondika. Bilbao inguruko udalerriek jasan zuten industrializazio prozesu sakonaren eraginez, hasierako landatar izaera galdu zuen. Urte luzez Bizkaiko aireportua Sondikan egon zen, eta horrexek egin zuen ezagun. Gaur, ordea, Loiun, ondoko herrian, dago aireportua.
Basozabal, Izartza, Landa eta Zangroiz auzoek osatzen dute udalerria, eta arkitekturaren ikuspegitik interes handiko hainbat eraikin ezkutatzen dituzte. Erdigunean, esaterako, XVIII. mendeko Goiri Erdikoa jauregi barrokoa ikustea merezi du. Garai berekoa da Beike jauregia. Aireportutik gertu dago eta ondare artistiko izendatu zuten. Nabarmentzekoak dira, era berean, inguruotako baselizak (Santa Kruz, San Martin eta San Roke), XVIII. mendeko Aixerrota errota eta zubi erromatar bat.
Natura eta aisia
Ingurune natural paregabean dago Txorierriko udalerri hau. Izartzako bidea hartuz gero, Sondikako hirigunean bertan, Artxandako muinora iritsiko gara, Bizkaiko hiriburuaren eta inguruaren ikuspegi apartak eskaintzen dituen behatokira. Larrabarrena parke ederrera joko dugu gero, gune berdez betetako zonalde atsegin eta lasaia baita. Horrez gain, hegazkinez ordubetean lurralde historiko osoa airetik ikusteko aukera eskaintzen dute Sondikako aerodromoan.
Bestalde, jai ugari ospatzen dituzte Sondikan urtean zehar. Ekainaren 24an, adibidez, San Joan jaia egiten da izen bereko zelaian. Santa Kruz festa, aldiz, Larrabarrena parkean ospatzen dute irailaren 14an. Ezin ahantz daiteke, gainera, azaroan egiten den nekazaritza, abere eta artisautza azoka. Egun horretan, abere-erakusketa, bertoko produktuen eta artisautza-lanen salmenta, txakolinaren eta Idiazabal gaztaren dastaketa, baserri giroarekin zerikusia duten jardueren erakustaldiak eta beste zenbait jarduera izaten dira.
Datu interesgarriak
6.90
4516
Informazio gehiago