Menu

Euskadiko Turismo Ataria

 

Helmuga turistikoak

Herria

Sestao

  • Andre Mariaren parroquia
  • Andre Mariaren parroquia
  • Sestaoko udaletxea

Sestao

Trianoko mendien parean dagoen lautada txiki batean dago Sestao, Serantes (451 m) mendiaren babesean, Bilboko Itsasadarraren ezkerraldean. Bilbao Handia eskualdearen garapenaren iragana, oraina eta etorkizuna islatzen dituen adibide bikaina da Sestao.

 

Hasieran, arrantzaleen herrixka izan zen eta, gerora, historiako liburuen arabera, Erdi Aroko azken mendeko leinu-gerren lekuko. Dena den, XIX. mende bukaeran izan zuen demografia hazkunderik handiena, siderurgiari eta ontzigintzari esker. Iragan mendeko 70eko hamarkadara arte etengabe hazi zen. Garai hartan, Bizkaiko industriaren garapenean berebiziko garrantzia izan duten zenbait enpresa zabaldu zituzten: Bizkaiko Labe Garaiak eta Sestaoko Ontziola.

 

Egun, ontzigintzak eta siderurgiak, metalurgia, kimika eta arlo elektrikoarekin batera, Sestaoko ekonomiaren ardatz izaten jarraitzen dute. Hainbat enpresa garrantzitsu, Bizkaiko Labe Garaiak adibidez, desagertu egin diren arren, labe bat gaur arte iritsi da, iragan oparo horren oroigarri. Garrantzia horretaz jakitun, Eusko Jaurlaritzak monumentu historiko izendatu zuen.

 

Berdeguneak

Industriak herri honetan izan duen garrantzia alde batera utzita, beste hainbat interesgune ditu Sestaok. Besteak beste, nabarmentzeko modukoak dira Elizako Parkea eta bertako lorategietan topatuko dugun Gernikako Arbolaren kimua. Ingurune hori are gehiago edertzen du Santa Maria elizak, 1864an eraberritutako tenpluak.

 

Halaber, Udaletxetik gertu, Markonzaga Parkea ere leku ederra da ibilaldi atseginak egiteko. Berdegune horretako anfiteatroan, gainera, hainbat kultur ikuskizun antolatzen dituzte. Camporras edo Ondejedako Parkean, mahaiak, erretegiak eta haurrentzako jolastokiak dituen berdegunean, eta San Pedro Plaza modernoan ere ekitaldi ugari egiten dira. Sestaoarrentzat aisialdirako topagune bihurtu dira leku horiek. Benedikta Parkea, berriz, Itsasadarraren ondoan dago eta, handik, Portugaletera eta Santurtziko porturaino ibilaldi polita egin dezakegu.

 

Bestalde, Sestaok ekainaren amaieran ospatzen ditu San Pedro zaindariaren jaiak, eta egun nagusia hilaren 29an izaten da. Dena den, kontzertuak, herri-jokoak, kalejirak eta beste zenbait ekitaldi San Joan eguneko gauean hasten dira eta, ekainaren 30era arte, jai giroa nagusitzen da herrian. Horrez gain, jai egitarauan badira azpimarratu beharreko beste hainbat festa, San Inazio, Santiago eta Santa Rosa, alegia.


Eskaintzak

Irisgarritasuna
Eskaintzak
Itzultzea
Non

Datu interesgarriak

Hedadura:

3.50

Biztanle-kopurua:

29224

Ekitaldiak

Zer, noiz eta non
    Ikusi agenda osoa
    Euskadi, auzolana