Zestoako ikuspegi orokorra

Zestoa

Helmuga turistikoak

Herriak

Izarraitz mendilerroaren magalean dago Zestoa, Urola ibaiaren ertzean. Ur termaletan tradizio handiko herria da, eta bertako iturburuetatik irteten den ur osasungarriak oso ezagun egin du. Zestoako bainuetxea 1804an ireki zuten, eta XVIII. mende bukaeran aurkitu zituzten uren onurez gozatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du.

 

XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran, Europako aristokrazia bertara joaten hasi zen eta, ondorioz, hotel eder bat ireki zuten, bainuetxearen ikurra. Egun, Zestoako Hotel-Bainuetxea, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen bakarra, erabat eraberrituta dago eta hidroterapian teknikarik berrienak eskaintzen ditu: igerileku, bainu, dutxa eta bapore mota ezberdinak. 213 lagunentzako lekua dauka eta kalitate turistikoaren Q ziurtagiria jaso du.

 

Zestoako hirigunea

 

Urola Erdia eskualdean dago Zestoa, Zumaiatik kilometro gutxira. Ondo komunikatuta dago, A-8tik oso gertu. Autobide horretan zehar 20 minututan iritsiko gara Donostiara.

 

Baina Zestoa bainuetxea baino askoz gehiago da. Erdigunean, nabarmentzekoak dira, besteak beste, Portalekoa, Lizenziadokua eta Arretxe etxeak. Inguruetan, berriz, Zubiaurre zubia igarota, XVI. mendeko Lili jauregi gotikoa bisitatzea merezi du.

 

Arkeologia aztarnategiak

 

Arkeologia aztarnategi ugari daude Zestoa inguruetan. Dena den, bi dira garrantzitsuenak: Idiakaitz (Irikaitz) eta Ekaingo kobazuloa.

 

Idiakaitzen oso antzinako materialak aurkitu zituzten. Batzuk Paleolitokoak dira. Gipuzkoan dagoen garai hartako aztarnategi bakarra da.

 

Ekaingo kobazuloa ere nahitaez aipatu behar da. Deban dagoen arren, Zestoako hirigunean dauka sarrera. Barruan dauden labar-margo bikainengatik da ezaguna: Madeleine aldiko hartzak, oreinak eta, batez ere, zaldiak agertzen dira marraztuta. Egun, haitzuloa itxita dago, eta baimena behar da sartu ahal izateko.

 

Dena den, milaka urtez ezkutuan egon diren altxorrak Ekaingo kobazuloaren erreplikan, Ekainberrin, denon eskura daude orain. Sastarrain bailaran dago, jatorrizko haitzulotik 600 metrora, Zestoako erdigunetik oso hurbil.

 

Bestalde, irailaren hasieran ospatzen dituzte Zestoan herriko jai nagusiak, "Amabirjinak". Jarduera guztien artean, herriko plazan egiten dituzten zezenketak gailentzen dira. Herrian oso errotuta dagoen ohitura da. Halaber, maiatzean, Gurutze Santuaren festak izaten dira, danborrada eta guzti. Gabonetan, aldiz, San Esteban azoka antolatzen dute. Egun horretan, baserriko produktuak erakusteaz eta saltzeaz gain, fruta, barazki, ezti, gazta eta sagardo lehiaketak egiten dituzte.

Datu interesgarriak

Hedadura
43.70 Km
Biztanle-kopurua
3,544

Ekitaldiak

Euskadi, auzolana