Menu

Euskadiko Turismo Ataria

 

Helmuga turistikoak

Herria

Morga

  • Morgako udaletxea
  • Andra Mariko baseliza
  • San Martin eliza, Meakaur auzoa

Morga

Ingurune menditsu ezin ederrago baten babesean dago Morga, Bizkaiko lurralde historikoan, Busturialdea eskualdearen mendebaldeko muturrean. Han-hemenka baserriak dituzten landa giroko 10 auzok osatzen dute udalerria, Andra Mari auzoburu dela.

 

Andra Marin bertan hasiko dugu herria ezagutzeko ibilaldia. Plaza nagusian, Andra Mariko baseliza topatuko du bisitariak. 1755. urtean eraberritu zuten, eta lan horietan hainbat hilerri aurkitu zituzten. Bista ikusgarriak eskaintzen ditu, are gehiago Altamirako begiratokira bagoaz, Uribe eskualdea eta Sollube (686 m) mendia ikus baitaitezke handik.

 

Andra Mari auzotik Gerekiz gainera ere joan gaitezke. Antzina, Bizkargi menditik (564 m) Gernikako itsasadarra eta barnealdeko haranak lotzen zituen bidean igarobide garrantzitsua izan zen. Erdi Aroko San Esteban ermita aurkituko dugu bertan. Duela mende asko parrokia izan zen. Izan ere, 1770ean egin zituzten zaharberritze-lanetan hilobiak, giza-hezurrak eta inskripzioak zituzten hilarriak agertu ziren.

 

Gerekiz gainetik jaitsi eta Meakaur auzoa bisitatuko dugu X. mendeko San Martin eliza ederra ikusteko. 1580an handitu egin zuten eta, gerora, berriz eraberritu zuten. Nabe bakarreko eliza da eta lau aldare, eraikina inguratzen duen elizpea eta dorre handia ditu. Horrez gain, azpimarratzekoa da atari manierista.

 

Jaiak eta feriak

 

Morgako kultur egitarauak jarduera eta ekitaldi anitz eskaintzen ditu. Herriko festa nagusiak hauek dira: Santa Krutz, (maiatzaren 3an), San Joan (ekainaren 24an), Santiago (uztailaren 25ean) eta San Martin (azaroaren 11n).

 

Bestalde, apirileko azken igandean, nekazal azoka bat egiten da emua protagonista dela. Egun horretan mota horretako hegaztirik onenak ikusteko, emu-haragia probatzeko eta eztia, gazta, sagardoa, txakolina eta euskal pastela bezalako produktu tipikoak dastatzeko aukera egoten da.


Eskaintzak

Irisgarritasuna
Eskaintzak
Itzultzea
Non

Datu interesgarriak

Hedadura:

15.20

Biztanle-kopurua:

419

Euskadi, auzolana