Mendatako ikuspegi orokorra

Mendata

Helmuga turistikoak

Herriak

Bittoriano Gandiaga euskal olerkari handiaren jaioterria da Mendata. Bizkaiko lurralde historikoan dago, Busturialdeko eskualdearen goiko aldean, Gernika-Lumotik 7 kilometrora, Urdaibaiko Biosfera-Erreserba (paisaiaren eta ekologiaren ikuspuntutik Bizkaiko erlaitzeko eremu hezerik garrantzitsuenetakoa) babesten duten mendi berdeek inguratuta.

 

Baserriari eta baserriko jarduerei estuki lotutako herria da, bertako bizilagunek mende luzez gariaren eta artoaren laborantzan eta abeltzaintzan lan egin baitute. Gaur, Elexalden, herriko auzo nagusian, dagoen Idatze Etxeak azken urteotan Mendatako baserriak izan duen garapena eta landa giroko bizimoduaren egunerokotasuna erakusten dizkio bisitariari.

 

Ondarea eta natura

Elexaldez gain, Mendatan beste hiru auzo daude: Albiz, Marmiz eta Olabe. Lehenengoan, zenbait eraikin interesgarri aurki ditzakegu, Albizko jauregia, esaterako. XVIII. mendeko eraikin barroko dotorea da eta fatxadan Albiz eta Allende Salazar sendien armarriak dauzka. Barnean erretaula errenazentista bat gordetzen duen XV. mendeko Santa Maria Magdalena eliza ere aipatzekoa da. Olaben, berriz, bailara zabalen gainean dagoen antzinako Montalban dorretxea da aipagarriena. Mendatako hirigunean, Elexalden, San Migel Goiaingeruaren eliza gotiko-errenazentista azpimarratuko dugu. X. mendeko tenplu horrek nabe bat, bost aldare eta dorre lauki eder bat ditu.

 

Gainera, eliz atari dotore batek inguratzen du. Inguruari dagokionez, ibilbide asko egin daitezke Mendatan oinez zein bizikletan. Hirigunetik kilometro gutxira, Bizkaiko Begiratokia dago. Handik, Bizkaiko paisaiarik ederrenetako batez goza dezakegu, Gernikako ibaiak itsasoratzean sortzen dituen hareatzez, alegia. Gainerakoan, Mendata bisitatu eta urtero egiten duten hegazti-feria ezagutzeko sasoi aparta da iraila. Herriko festa nagusiak, San Migel jaiak, ere irailean ospatzen dituzte, hilaren 29an.

Datu interesgarriak

Hedadura
22.40 Km
Biztanle-kopurua
404

Ekitaldiak

Euskadi, auzolana