Laudio/Llodio, Amurrio, Moreda de Álava/Moreda Araba, Iruña Oka/Iruña de Oca, Elvillar/Bilar, Asparrena, Ondarroa, Portugalete, Gernika-Lumo, Larrabetzu, Gorliz, Mallabia, Meñaka, Deba, Gabiria, Zarautz, Aduna, Elgoibar, Zumarraga
Euskadiko hainbat txokotan ospatzen dituzte Jasokundeko Andre Mariaren (abuztuak 15) eta San Rokeren (abuztuak 16) omenezko jaiak.
Araban, esaterako, Laudioko jaiak nabarmendu behar dira. Aurtengoan, abuztuaren 15etik 25ra bitartean, jarduera ugari egongo dira: lehiaketak, kirol-ekitaldiak (hockey, pilota, bolo-joko eta saskibaloi txapelketak, herri-kirolen erakustaldiak), haurrentzako jarduerak, antzerki emanaldiak, magia ikuskizunak, dantzaldiak, entzierroak eta kontzertuak, besteak beste. Halaber, jai-giroa jaun eta jabe izango da Amurrion, makina bat jarduerarekin. Herriko koadrila guztiek hartuko dute parte karrozen desfilean. Kirolak, gastronomiak eta aisialdiak bat egingo dute Amurrioko jaien egitarauan. Moreda Araban, Langraiz Okan, Bilarren eta Asparrenan ere jaiak ospatuko dituzte.
Bestalde, abuztuaren erdialdean giro onak Bizkaiko udalerri ugari hartuko ditu. Portugaleten, adibidez, oso ezagunak dira San Rokeren omenezko festak (abuztuaren 14tik 17ra); Erdi Aroko azoka, jota lehiaketa eta talde ezagunen kontzertuak ditu nabarmentzekoen artean jai-egitarauak.
Txapelketak, kirol-ekitaldiak (herri-kirolen erakustaldiak, zesta-punta txapelketa), euskal dantzen erakustaldiak, bertsolarien saioak eta kontzertuak hartuko ditu Gernika-Lumok abuztuaren 14tik 18ra. Aurrekoa gutxi balitz, Ondarroan (Arrantzale Eguna ospetsua nabarmentzen da), Larrabetzun, Gorlizen, Mallabian eta Meñakan ere Jasokundeko Andre Mariaren edo San Rokeren omenezko ospakizunak antolatu ohi dituzte.
San Roke jaiek oihartzun handia izaten dute Deban. Abuztuaren 14tik 18ra bitartean, erlijio-ospakizunez, kirol-lehiaketez eta dantzaldiez gainera, entzierroak egin eta Ezpata Dantza, Esku Dantza eta Jorrai Dantza dantzatuko dituzte udalerri horretan. Urtero legez, Gabiriako jaiek nekazal kutsua izango dute, eta herri-kirolen erakustaldiak, folklore-dantzak, bertsolarien saioak, dantzaldiak eta umeentzako jolasak jarduerak egongo dira. Zarautzen, Adunan, Elgoibarren eta Zumarragan ere jaiak antolatuko dituzte.