Urduña/Orduña
Tradizio handiko jaiak dira Urduñako Otxomaioak.
Izenak berak adierazten duenez, maiatzaren 8an ekartzen dute gogora herriko biztanleek Antiguako Amaren, Urduñako zaindariaren, agerraldia. Egun horretan, bertako agintariak, mazolariak eta turuta jotzaileak lagun dituztela, Antiguako Amaren santutegira joaten dira Ama Birjina gurtzeko. Pare bat egun lehenago ematen zaie hasiera ofiziala Otxomaioei, txupinazioarekin.
Maiatzaren erdialdera bitartean, jarduera anitz prestatu ohi dituzte: kirol-ekitaldiak, mota askotako txapelketak, abeltzaintza azokak, dantza eta antzerki emanaldiak, kontzertuak, zezenketak, kalejirak, haurrentzako ekintza berezi ugari eta herri-bazkariak. Horiek dira Otxomaioetako egitarau zabalean aurki ditzakegun jardueretako gutxi batzuk.