Bilbo, abangoardiako metropolia, Donostia, ederra eta dotorea, edo Vitoria-Gasteiz, gure “hiriburu berdea".
Onena da ez duzula zertan aukeratu; hirurak bisita ditzakezu, oso gertu daude!
GURE HIRIAK
Bilbo Alde Zaharretik eta 7 kaleetatik ezagutzen hastea proposatzen dizugu. Egun bakarreko bisitaldian, nahitaezkoa da bertako eraikinik adierazgarrienak ezagutzea, besteak beste, nabigatzaileen patroi San Nikolasi eskainitako eliza, Joan Santuen eliza eta hiribilduaren armarria duen San Anton eliza, baita Santiago katedrala ere, hiriko patroiari eskainitako eraikin gotiko ederra. Aipatzeko moduko beste eraikin batzuk dira Bidebarrietako liburutegia, John jauregia (La Bolsa eraikina), Arriaga antzokia, Erriberako merkatua edo Plaza Berria. Azken hori estilo neoklasikokoa da eta igandero filatelia, numismatika eta bildumazaletasun azoka jasotzen du, baita San Tomaseko azoka ospetsua ere, Gabonetan, abenduaren 21ean alegia.
Joan Santuen elizatik hurbil, Euskal Museoa dago. Gune interesgarri horretan, Bizkaiaren arkeologiari eta Euskal Herriko historia eta etnografiari buruzko zenbait bilduma daude.
Artea maite dutenek, inguruan bi museo interesgarri topatuko dituzte, Bilboko Berreginen Museoa batetik, eta Arte Sakratuarena bestetik. Lehenengoan, munduko museo nagusietako lanen kalitate handiko berreginak miresteko aukera dago; bigarrenean, berriz, zilargintza erlijiosoa, jantzi sakratuak, eskultura, pintura, alabastroa, zeramika eta abar daude.
Erosketetan ibiltzea gustuko baduzu, Alde Zaharrean joera berrien eta bertako diseinatzaileen eskaintza zabala topatuko duzu. Gainera, bertako produktu gastronomikoak erosi nahi badituzu, hiriko alde honetan aurkituko dituzu, batez ere, Europako azoka estali handienean, Erriberako merkatuan.
Hiriko puntu turistiko erakargarrienak azkar, lasai eta erlaxatuta ezagutzeko beste aukera egoki bat Autobus turistikoa hartzea da.
Bazkaltzeko, modu orijinala, eta aldi berean hiria hobeto ezagutzen lagunduko dizuna, proposatzen dizugu: pintxoen ibilbidea. Edo nahiago baduzu, aukera ezazu Bilbok eskaintzen dizun jatetxeetako bat.
Arratsaldean, Bilboko itsasadarraren eskuin ertzetik paseo zoragarri bat egin, eta Artxanda mendiaren gailurretik hiriaren panoramika ederrenetako batez gozatzeko gonbita egiten dizugu. Areatzako zubitik abiatuko gara.
Itsasadarretik jarraituz, udaletxeraino helduko gara, eta handik, Campo Volantin pasealekutik egingo dugu aurrera, Funikularreko plazaraino heldu arte. Hemen garraiobide berezi hori hartuko dugu eta Artxanda mendira igoko gara, hiria zure oinetara jartzen duen begiratoki naturalera, eta goitik begiratuta Bilboko skylinea osatzen duten eraikin esanguratsuenetakoak aurkitzera jolastu ahalko zara, tontorrean topatuko duzun tabernetako batean mokadutxoa hartzen duzun bitartean.
Zure zentzumenen gozagarri izango den sari horren ondoren, jaitsi hiribildura eta gurutza ezazu itsasadarra Santiago Calatrava arkitektoak egindako Zubizuri zubitik, edo aurrerago, La Salve zubitik edo Aita Arrupe pasabidetik; azken horrek sorgin-orratzaren itxura du eta metaforikoki hiriaren susperraldia gogorarazten du. Zubi horietatik Guggenheim Museoaren ikuspegi paregabea izango dugu. Lehenengo egunean, kanpotik ikustea proposatzen dizugu, eta bigarrenean, berriz, barrutik.
Eta eguna amaitzeko, Europan bere kategorian onenetakoa den museoa ezagutzea proposatzen dizugu, Bilboko Arte Eder Museoa. Bertan, XII. Mendetik hasi eta gaur egunera arteko zazpi mila lan ikusiko dituzu, El Greco, Ribera, Zurbaran, Van Dyck, Zuloaga, Sorolla, Chillida edota Tàpies moduko artista aipagarrienenak.
Afaltzeko Bilboko Michelin izarren zeruan esperientzia bat bizitzea edo goi gastronomia dastatzea, hiriko euskal sukaldaritza berriko edozein jatetxetan, gomendatzen dizuegu.
Afaltzeko hamaika aukera eskaintzen ditu Bilbok, era guztietako gustuak asetzeko. Pintxo tabernak, erretegiak, sagardotegiak, egile sukaldaritza...
Gauean, hiriko pubetako batean kopa bat hartu edo dantzalekuetan dantzatu dezakezu.
Gaurko eguna lasai hastea proposatzen dizugu, Guggenheim Museoa ezagutuz. Hiriaren ikonoa da eta Frank O. Ghery arkitekto ospetsuaren lana. Ibaiaren ertzean kokatutako eraikin itzela, kanpoko diseinua eta bere bildumak mirestea, ikusmenarentzat benetako esperientzia da bere horretan. Museoaren kanpoaldean Louis Borgoiseren Mamá eskulturak gure arreta erakarriko du, ia 9 metroko altuera duen armiarma baita, eta Jeff Koonsen Puppy zoragarriak ere, 12 metroko altuerako eta lorez estalitako West Highland Terrier arrazako txakurkumeak, aho zabalik utziko gaitu.
Museoaren bildumak XX. mendeko artista nagusien lanak biltzen ditu. Bilduma hori, gainerako Guggenheim erakundeetako lanekin osatzen da. Dena den, museoko erakusketa eta jardueren egutegia begiratzea gomendatzen dugu, etengabe berritzen baitute.
Erosketarik egin nahi baduzu, museotik hurbil dagoen Zubiarte merkataritza gunera joan zaitezke, han bertako markak zein nazioartekoak eskaintzen dituzten denden eskaintza zabala topatuko duzu.
Futbol zalea bazara, zalantzarik gabe merezi du Athletic Clubaren Museoa eta San Mameseko Futbol Zelaia, «Katedrala» izenez ere ezagutzen dena, bisitatzea.
Artea eta kultura maite dutenentzat, aldiz, derrigorrezkoa da Begoñako basilika ezagutzea. Euskal gotiko estiloan eraikia, Bilboko eraikin esanguratsu eta gurtuetako bat da. Barruan, bilbotarren artean debozio handikoa den Begoñako Ama Birjinaren irudi eder bat dago.
Kirolzaleek bizikletaz ibilbideak egiteko aukera dute.
Bazkaltzeko, eskaintza zabala dago inguru horretan. Sukaldaritza berritzailea dasta dezakezu Guggenheim Museoko jatetxean edo zerbait azkarragoa nahi izanez gero, Zubiarte merkataritza gunera edo museoko inguruko jatetxeetara jo dezakezu. San Mames inguruan bazabiltza, Poza Lizentziatuaren kalera joan zaitezke, han pintxo taberna ugari baitaude, eta egun horretan partidarik badago, kolore zuri-gorriz estalia topatuko duzu ingurua.
Bazkal ondoren, Udaletxeko zubiaren ondoan dagoen Pio Baroja plazara joango gara, Bilboat itsasontzian itsasadarra zeharkatzeko, eta egiaztatzeko Bilbok harrotasun handiz erakusten dituela Arata Isozaki, Frank O. Gehry edo Santiago Calatrava arkitekto ospetsuek eraikitako artelanak. Bilboko zubi ugari ezagutuko dugu eta itsasadarraren bokaleraino iritsiko gara ia, hantxe baitago kokatua Euskadiko zubirik ospetsuena, Bizkaia zubia. Desagertzear dauden transbordadore erako zubia da. Gizadiaren ondare izendatu zuten eta «eseki» gisa ere ezagutzen da. Egiturak Eiffel dorrearekin antzekotasunak ditu.
Itsasontzian ibili ondoren, Zabalgunea izenaz ezagutzen den ingurura joko dugu. Galtzara nagusia da kalerik handiena eta erdigunea, Moyua plaza. Inguru horretan hiriko eraikin ospetsuenetako batzuk daude, adibidez, Txabarri jauregia edo Diputazio jauregi ederra. Norman Foster arkitektoak diseinatutako metro sarrerak ere ikusteko modukoak dira, hiriaren aldaketaren ikono bilakatu dira, eta bilbotarrek «fosterito» esaten diete maitekiro. Zabalgunean badaude beste leku interesgarri batzuk, adibidez, Montero etxea eta Santanderko geltokia, estilo modernistakoa, Doña Casilda parkea edota Campos Eliseos antzokia, Euskadiko art noveauaren eredu onenetakoa.
Erosketak egitea gustuko dutenek, Galtzara Nagusian eta Ertzilla kalean shoppinga egiteko aukera paregabeak topatuko dituzte.
Beste aukera interesgarri bat, batez ere umeekin bidaiatzen badugu, Itsas Museoa ezagutzea da. Itsasadarraren ertzean dago, Euskalduna jauregitik hurbil.
Bilboko kultura agenda begiratzea gomendatzen dizugu; izan ere, urtean zehar kontzertu, jaialdi eta ikuskizun ugari izaten dira hirian. Halaber, Azkuna Zentroa aisia eta kultura gunea bisitatzea gomendatzen dizugu, erakusketa, tailer eta ikastaro, hitzaldi, ikus-entzunezko emanaldi, antzerki eta abar izaten baitira bertan.
Afaltzeko hamaika aukera eskaintzen ditu Bilbok, era guztietako gustuak asetzeko. Pintxo tabernak, erretegiak, sagardotegiak, egile sukaldaritza...
Atzo itsasadarra itsasontziaz bisitatu genuen; gaur, aldiz, beste ikuspuntu batetik ezagutzea proposatzen dizugu, itsasadarreko eraikin, zubi eta herririk esanguratsuenak ezagutzeko. Lehenik eta behin, Santurtzi ezagutuko dugu, garraio publikoa erabiliz, itsasadarraren alderik marinelena ezagutzeko. Bisita ezazu AGURTZA arrantzaren interpretazio zentroa, dasta itzazu hango sardina ospetsuak edo egin itzazu bertako turismo bulegoan proposatzen duten bisita gidatuetako bat.
Hurrengo geldialdia Portugaleten egingo dugu. Bertara oinez zein metroz irits gaitezke. Behin han gaudela, hirigune historikoan barrena ibili eta Bizkaia zubia, lurralde honetako antzinako industriaren ikonoetako bat, miretsi ahal izango dugu.
Portugaletetik alde egin baino lehen, Santa Maria basilika, monumentu nazional izendatu zuten tenplu gotiko errenazentista, eta Rialia Industriaren Museoa bisitatzea gomendatzen dizugu.
Hurrengo geldialdia Getxon egingo dugu. Bertara iristeko Bizkaia Zubiko ibilgailu transbordadorea erabiliko dugu, urtean 365 egunetan eta 24 orduz martxan dagoena. Aipatzekoa da, Bizkaia Zubia ibilgailu transbordadorea duen munduko lehen zubi esekia dela.
Getxoko eskaintza gastronomikoa zabala eta anitza da. Ez duzu zailtasunik izango, pintxoetako tabernak edo euskal sukaldaritza tradizionala eskaintzen duten jatetxerik topatzeko.
Bazkal ondoren, Areetako kaiko pasealekutik ibilaldi atsegin bat proposatzen dizugu, miresgarriak diren jauretxeen artetik. Nahi izanez gero, Ereaga hondartzan barrena Algortako portu zaharreraino hel zaitezke. Portua, kaleek eta marinel kutsuko etxeek Euskal Herriko arrantzale herri baten xarma gordetzen jakin izan dute.
Familiarekin bazoaz, Getxoko Aquariuma aukera bikaina da, haur zein helduek itsas bizitzaz eta bioaniztasunaz ikas dezaten.
Kirol-portuak eta Getxoko turismo bulegoak Getxo Kosta programa eskaintzen du itsasoan barneratu eta kostaldea beste ikuspuntu batetik lasai ezagutzeko.
Eguraldi ona eginez gero, Getxoko edozein hondartzatan edo inguruko Sopela, Plentzia edo Gorliz udalerrietan eguzkiaz eta uraz goza dezazun proposatzen dizuegu.
Plentziara Getxotik zein Sopelaz metroz hel gaitezke, eta han, alde zaharreko kale estuetan barrena, marinel kutsuak eraikin historikoekin bat egiten dutela ikusiko dugu. Herri zoragarri hau, toki aproposa da, Bilbora itzuli aurretik zerbait hartzeko.
Gorlizen, balio geologiko handia duen fenomeno bat ikus daiteke: harri bihurtutako dunak. 6.000 urte baino gehiago dituzten hareazko eraketak dira.
Afaltzeko, inguruan gera zaitezke, edo bestela Bilbora itzuli. Bietan, gastronomia aukera zabala eta kalitatezkoa topatuko duzu.
Taldean bazoaz, Bilbotik hurbil dagoen txakolindegi batean afaldu ahal izango duzu. Ardandegi horietan dastaketak, ikastaroak, baita herri sukaldaritzako platerak dastatu ere. Aldez aurretik mahaia gordetzea gomendatzen dizuegu.
Laugarren egunean, Bizkaia barrualdetik joatea proposatzen dizuegu, Bizkaiko antzinako meategietara joango gara eta alderik ezezagunena ezagutuko dugu. Zugaztieta meategi auzoa ezagutuko dugu, Trapagaran udalerriaren gainaldera Larreinetako funikularrean igota. Han, meatzaritzak inguruko paisaian eta bilakaeran izan duen eragin nabarmena ikusiko dugu. Antzinako meategiak urez bete eta urmael artifizial bihurtu dituzte. Hala, paisaia ikusgarria sortu dute, eta egurrezko etxeez osatutako meatzarien herrixka, monumentu multzoa izendatu dute.
Zugaztietan zenbait aisia eta kirol gune daude, eta Peñas Negras Ingurumen Interpretazioko Zentroan zenbait ibilbide balizatu jarri dituzte zure eskura, ingurune naturala zein meategiaren aztarnak ezagutzeko.
Are abenturazaleagoak direnentzat, zuhaitz arteko abentura saio bat gomendatzen dizuegu: arku-tiroa, haurrentzako eskalada eta jumpinga Sopuerta Abentura parkean.
Hurrengo geldialdira, Balmasedara, heldu aurretik, hartzen duzun ibilbidearen arabera, Pobaleko burdinola edo Loizaga dorrea bisita ditzakezu. Azken horretan, Auto zahar eta klasikoen museoa dago, munduan bakarra den Rolls Royce bilduma batekin.
Erdi Aroko Balmasedan bazkalduko dugu. Bertako berezitasuna, Putxera, dastatzea gomendatzen dizuegu. Babarrunak, saiheskia, hirugiharra, txorizoa, odolkiak eta beste zenbait osagai ditu eta XIX. Mendeko trenbideetako langileek jaten zuten.
Arratsaldean, Balmasedako Erdi Aroko hiribildua ezagutuko dugu, hirigune historikoan ibiliz, San Severino eliza eta Zubi zaharra ezagutuko ditugu.
Hurrengo geldialdia Karrantza bailaran egingo dugu. Bizkaiko bailara politenetakoan paisaia eta ikuspegi ederrak topatuko ditugu.
Karrantza bailaran Pozalaguako haitzuloak daude; hor, Lur azpiko esperientzia bizitzea gomendatzen dizugu. Haitzuloa berdinik gabea eta berezia da estalaktita bitxiengatik.
Pozalaguako aparkalekutik Raneroko haitzetara doan ibilbide bat dago. Paisai karstiko horretan haitzulo handiak daude, besteak beste, Pozalaguakoak.
Haurrekin bazoaz, Karpin Abentura parkea ezagutzea gomendatzen dizugu. Basafauna hartu eta berreskuratzeko zentroa izan zen hasieran, eta gaur egun, aisia gunea, fauna babesteko eta espezien bilakaeraren berri emateko tokia da.
Afaltzeko Enkarterrietako jatetxeen eskaintzaren artean aukera dezakezu, baita bertako ostatuetan lotan geratu ere, lurralde honen handitasunaz gozatzeko.
Informazio gehiago
Estekak