Arte eta Kultura
Ondare kulturala
Urdanibia jauregia Irungo erdigunetik kilometro gutxira dago, Jaizubia errekaren ibi baten gainean. Erregimen Zaharreko eraikuntza tipikoa da, bere inguruan burdinola bat eta errota bat egin baitzituzten. Hirurek osatzen duten multzoa Monumentu Multzo izendatu zuten 2000. urtean. Oinplano angeluzuzena eta hiru solairu ditu. Lau isurkiko estalkia eta fatxada eder bat dauzka. Beherengo solairuan ertz xaflatuzko bi leiho daude, eta, erdian, mota bereko sarbide bat ageri du, bi pilastrak inguratuta. Pilastra horien artean goiko aldean erlaitza duen ohol lau bat dago. Goiko bi solairuetan ere, behekoetan bezala, ertz xaflatuzko hiru leiho daude, baina goikoek lerro zuzen batean jarritako karel molduratuak dituzte. Solairu nagusian, baoen arteko hutsarteak apainduraz beteta daude. Ezkerraldean, adibidez, ispilu obal bat dago. Zera jartzen du: "Sebas/tian de Ur/danivia re/difico es/ta ca/sa/ año de /1619" ("Sebastian Urdanibiak berreraiki zuen etxea hau 1619. urtean"). Eskuineko aldean ere ispilu bat dago; armarria jartzeko da. 1992tik 2003ra Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzaren egoitza izan zen. Egun, Euskadiko Filmategiak bi artxibategi ditu Urdanibia jauregian Tabakalerara eraman bitartean leku arazoei irtenbidea emateko.
Jauregia