Arte eta Kultura
Ondare kulturala
Zabiel Jauregia XVI. mendean eraiki zuten. Fatxada nagusia hareharrizko harlanduz eginda dago. Hiru solairu ditu. Erdikoa da guztietan ederrena elementu arkitektoniko dotoreak baititu. Bigarren solairu horretan helize formako fustea eta kapitel joniar finak dituzten bi zutabe daude. Gainera, armarri polit bat dauka frontoi txiki baten gainean. Bigarren pisuaren gainean teilatu-hegal irten bat ageri du. Garai bateko zenbait elementu mantentzen ditu oraindik Zabiel Jauregiak. Ezker hormaren beheko aldean, adibidez, arku zorrotzeko sarbide bat dago, zazpi dobelarekin. Atzeko aldean, berriz, kalezulo batera doan bidean, hareharrizko harlanduz egindako matakan baten arrastoak ikus daitezke. Zabiel Jauregia eskola izan zen aspaldi. Egun, zaharberrituta dago eta Mutrikuko kultur etxea da.
Jauregia