Arte eta Kultura
Ondare kulturala
Artabene baserria Arratia bailaran eta Nerbioi ibaiaren goialdean ohikoa zen baserri-mota da. Teknika tradizionalarekin egin zuten, lehendabizi zutabe exentuek osatutako egitura jartzen zuten eta ondoren, bitarteko tarteak, hormen bidez betetzen zituzten. Bi fasetan eraiki zuten: eraikinaren aurreko bi herenak XVI. mendean eta atzeko zatia XIX. mendearen hasieran. Etxearen zatirik antzinakoenak laukizuzen forma du. Behetik hasi eta teilaturaino haritzezko zutabeak ditu, horiek aurreko aldeko fatxadan argi ikusten dira. Aurrealde hori hiru pisutan dago banatuta, behekoa harlangaitzez egina dago, lehena egur armazoi luzituaz eta azkena berriz, mihiztatutako oholez eginda dago. Gaur egungo banaketan, Artabeneko beheko solairu osoa animalientzako korta da, eta etxebizitzarako alde noble gisa goiko solairuko aurreko aldeko bi herenak erabiltzen dira, gainontzekoa lastategia da. Lehen solairura igotzeko kanpotik dauka eskailera.
Caserío