Arte eta Kultura
Ondare kulturala
Mirandaolako parkean dagoen izen bereko burdinola XV. mendean Legazpin zeuden zazpietako bat da. XIX. mendean itxi zuten arren, Patrizio Etxeberriaren eta Teresa Agirreren mezenasgoari esker, zaharberritu egin zuten 1952an.
Apirilean hasita, igandero jartzen dute martxan bisitarientzat. Udazkenean eta neguan, berriz, hilabeteko aurreneko igandean soilik zabaltzen da.
Ikustaldia hauspoen gelan hasten da. Uraren indarraz baliatuta, burdina urtzeko erabiltzen den sutegia piztuta mantentzen duten hauspoak jartzen dira martxan. Ondoren, bisitariak lanerako gunean sartzen dira. Han, antzinako arropaz jantzitako olagizonek makinak maneiatu eta burdina forjatzen dute, sutegia kontrolatzen duten bitartean. Ikuskizun zirraragarria da zinez.
Bisitaldia aberatsagoa izan dadin, gidari batek azalpenak ematen ditu. Ondoren, bisitariek alboan dagoen ermita ikus dezakete. 1580ko maiatzaren 3an burdinolan jazotako mirariaren berri ematen duten Soler Blascoren pinturak daude bertan.
Kondairak dioenez, eliza kristauaren arabera igandea jaieguna den arren, Mirandaolako burdinolako olagizonak lanera joan ziren maiatzaren 3 hartan. 600 libra burdina lortzeko adina mineral eta ikatz erabili zuten baina, egun guztia beharrean igaro ostean, 12 edo 14 librako gurutze txiki bat baino ez zuten lortu. Gertakizun hura mirari izendatu zuen Iruñeko gotzainak 1633an. Maiatzaren 4aren hurrengo igandean ospatzen den Mirandaola Eguna legazpiarrek gehien maite duten jaietako bat da, ezbairik gabe. Egun horretan, parrokiatik aipatutako mirakuluaren omenez eraikitako Mirandaolako ermitaraino eramaten dute Gurutze Santua. Meza ostean, erromeria eta herri-bazkaria egiten dituzte.