Zaldibar | Euskadiko herriak eta hiriak | Turismoa Euskadi
Joan edukira
Zaldibarko ikuspegi orokorra

Zaldibar

Helmuga turistikoak

Herriak

Ibar estu batean dago Zaldibar, mendi txikiz inguratuta.

 

Zaldua ibaiak zeharkatzen du, eta bertan jasotzen ditu hainbat adar eta erreka. Bizkaiko udalerri hau hiri nukleo nagusi batek eta hainbat landa auzok osatzen dute. Lotura onak ditu; izan ere, komunikazio bide garrantzitsuak ditu hurbil.

 

Ondare historiko eta kultural oparoa dauka Zaldibarrek. Erlijio-arkitekturari dagokionez, XIII. mendean eraiki zutenetik zenbait aldiz eraberritu duten San Andres parroki-eliza aipatu behar da lehenik eta behin. XV. mende bukaerako hareharrizko eskultura gotiko bat dauka barruan, erdian San Andresen gurutzea ageri duela. Badira, ordea, bisitatu beharreko eraikin gehiago. Antzinako ospitaleko kapera neorromantikoa, karmeldarren monasterioa eta Goierri auzora doan bidean dagoen XVII. mendeko Gurutzea, besteak beste. Ezin ahantz daitezke, era berean, auzo ezberdinetan barreiatuta dauden sei baselizak. Arkitektura zibilaren adierazgarri dira, ordea, berdeguneak dituen plaza baten alboan dagoen 1972ko udaletxea eta XV eta XVII. mendeen artean eraikitako zenbait dorre. Garitaonandia, Zaldua eta Eitzaga hiru adibide baino ez dira.

 

Bestalde, ingurune ederrak txango ugari egiteko aukera eskaintzen du. Urkiolako Parke Naturala azpimarratu behar da, paisaia eta kareharrizko gailur zoragarriak ezkutatzen dituelako.

 

Neguko hotza iristearekin batera, Zaldibarko bizilagunek San Andres jaiak ospatzen dituzte, azaroaren bukaeran. Musika-emanaldiek eta bestelako jarduera ugarik osatzen dute egitaraua.

Datu interesgarriak

Hedadura
11.80 Km
Biztanle-kopurua
3,032

Ekitaldiak