Ubide | Euskadiko herriak eta hiriak | Turismoa Euskadi
Joan edukira
Ubideko hirigunea

Ubide

Helmuga turistikoak

Herriak

Gorbeia mendiaren magalean dago udalerri hau, eta bi auzok osatzen dute. Bizkaiko udalerririk garaiena da. Lurraldearen hego-ekialdeko muturrean dago kokatuta, Arabarekin mugan. 581 metroko garaieran dago, mazela leuneko haran batean, 800 metroz azpiko gailurrez inguratuta. Erdiguneko kaleetan barrena, udaletxean hasi eta San Joan elizaren atariraino iristen den Behe Erdi Aroko galtzada bat aurkituko du bisitariak. Herriak gorde duen ondarearen elementurik zaharrena da.

 

Eliza, berriz, XVI. mendekoa da eta nabe bakarra, urre koloreko erretaulak dituzten hiru aldare eta elizpea ditu. Magdalena zubia eta ermita, udaletxea bera, Landazabal eta Latxa baserriak eta Aretxaga Etxea ere ikusteko moduko eraikinak dira. Azken etxetzar hori herriaren irteeran dago, Gasteizera bidean, eta estilo ingelesaren eragina du. XX. mendearen hasieran diseinatu zuen Alfredo Acebal arkitektoak, su hartu zuen etxe bat zegoen lekuan. Lau mailatan banatuta dago (erdisotoa, solairu nagusia eta beste bi pisu ditu) eta nabarmentzekoak dira teilatuko estalkiaren diseinu konplexua eta fatxadan ageri duen gorri koloreko egurrezko egitura.

 

Ingurune natural ezin ederrago batean dago Ubide, harizti eta pagadi autoktonoak eta errekastoak inguruan dituela. Horrez gain, aisialdirako hainbat gune aurkituko ditu bisitariak. Olalde ingurua, esaterako, Undabe ibaiaren alboan dago, erdigunetik gertu, eta mahaiak, barbakoak eta haurrentzako jolastokiak daude bertan. Jai-egitarauari dagokionez, Madalena eguna ospatzen dute Ubiden uztailaren 22an. Herriko jai nagusiak, ordea, ekainaren amaieran izaten dira, San Joanen omenez.

Datu interesgarriak

Hedadura
2.90 Km
Biztanle-kopurua
169

Ekitaldiak