Helmuga turistikoak
Herriak
Urtero milaka surflari erakartzen dituen ezkerreko olatuak egin du ezagun Mundaka.
Xarma handiko arrantzaleen herria da eta Mundakako itsasadarraren ezkerreko aldean dago, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean. Padurek eta 12 kilometroko hareatzek osatzen dute hegazti migratzaile askoren babesleku den naturgune paregabe hori. Beraz, Mundaka leku ezin hobean dago eta, horregatik, askok eta askok oporrak igarotzeko aukeratzen dute.
Herriko bazter guztietan antzematen da kresal usaina. Portua da Mundakako txokorik ederrenetakoa, interes handiko hainbat eraikin baitaude bere inguruan: udal liburutegia (Done Jakue Bideko ospitalea zena), udaletxe bikaina, Santa Maria parrokia eta Larrinaga jauregia, besteak beste. Erdigunetik pixka bat aldenduta, merezi du Santa Katalina baseliza bisitatzea. Itsasoaren ondoan dago, muino batean, eta Urdaibaiko itsasadarraren ikuspegi ederra (Ogoño lurmuturra, Izaro uhartea...) eskaintzen du.
Ezkerreko olatua
Bizkaiko kostako herri hau ezkerreko olatuak egin du ezagun, batez ere. Urtero, mundu guztiko surflari asko iristen dira Mundakara kirol hori egitera. Herrian erabat errotuta dagoen jarduera da surfa eta urtero nazioarteko zenbait txapelketa antolatzen dituzte bertan.
Jaiak eta ohiturak
Ekainaren amaieran ospatzen dituzte Mundakan jai nagusiak, San Pedroren omenez. Egitarau oparoa antolatzen dute egun horietarako: kontzertuak, prozesioak eta buruhandiak, besteak beste. Abuztuaren azken asteburuan, berriz, Euskal Jaia egiten dute, herriko folklorearen erakusgarri.
Baina, zalantzarik gabe, inauteriak dira Mundakako jai nagusiak; Euskadiko zaharrenetakoak dira eta bisitari asko erakartzen dituzte. Inauteri-igandean, herritarrek Atorren (gizonezkoak) eta Lamien (emakumeak) mozorroak janzten dituzte eta kalejiran ibiltzen dira kalean gora eta behera musika lagun dutela.