Helmuga turistikoak
Herriak
Bisitaria liluratuta utziko duten ezaugarri asko ditu Gipuzkoako kostaldeko arrantzale-herri honek. Udan biltzen da jende gehien bere kaleetan, paisaiaren edertasunak erakarrita.
Izan ere, itsasoak, mendiak eta Oria ibaiaren bokaleak bat egiten dute mende luzez erromesen igarobide izan den udalerri honetan.
Oraindik ere Donejakue Bideari oso lotuta dago Orio. Kostaldeko bideak hainbat altxor ezkutatzen ditu herri honetan. Tourseko San Martin ermita eta alde zaharraren goiko aldean ageri den Bariko San Nikolas parrokia barrokoa, besteak beste.
Erdigune historikoa XII. mendekoa da. Goiko Kale izenez ezagutzen dute eta Erdi Arora eramango gaituzten harrizko karrika estuek osatutako labirintoa da. Handik oso gertu, kalean bertan jarritako parrilletan erretzen ari diren arrainen eta okelen usain ederra nabarituko dugu. Bisigua da Orioko jakirik preziatuenetako bat, baina ez bakarra. Negu gorrian, ontzi txikiak ikusten dira gauero ibaiaren bokalean, angulatan.
Hondartza eta mendia
Askok eta askok oporrak bertan igarotzeko aukeratzen dute Orio. Bi hondartza ditu, Antilla eta Oribarzar. Lehenengoa Oria itsasadarraren ondoan dago eta 3.500 metro karratu ditu guztira. Orioko kanpina eta parke eder bat ditu ondoan, haurrentzako jolastoki eta guzti. Oribarzar, berriz, ibaiaren beste aldean dago, eta ez da jendez gainezka egoten. Beraz, lasai paseatzeko leku aparta da. Oriotik oso gertu, Aian, Gipuzkoako ingurune naturalik ikusgarrienetako bat aurkituko dugu: Pagoetako Parke Naturala.
Baina, batez ere, arraunak egin du ezagun Orio. Kirol mota hori oso errotuta dago herrian. Hori koloreko Orioko traineruak garaipen handiak lortu ditu historian zehar.
Bestalde, bi dira Orioko jai nagusiak: San Pedroak, ekainean, eta San Nikolas jaiak, abenduan. Horiez gain, beste egun bat azpimarratu behar da hau, uztailako 3.astean: Bisiguaren Eguna.