Helmuga turistikoak
Herriak
Gipuzkoako lurralde historikoko mendebaldean, Bizkaiarekin muga egiten du Elgetak. Udalerri honen kokapena dela eta, Gipuzkoako hirugarren udalerri altuena da, eta ikuspegi bikainak ikus daitezke bertatik: Debagoiena eta Debabarrena eta Udalaitz eta Anboto mendiak, besteak beste.
Mendizaletasunari estuki lotutako udalerria da. Hori argi erakusten du 1924an Euskal Mendizale Federazioa bertan sortu izanak. Bazter ezin ederragoak dituen herria da Elgeta, lasaia eta atsegina zinez. Leku bikain horien artean aparteko aipamena merezi du Asentzioko parkeak. Pagoz inguratutako aintzira txiki bat eta antzinako baseliza bat daude bertan. Aixolako aintzira eta Eguarbitza (730 m) tontorra ere toki liluragarriak dira.
Erdigune historikoa eta jaiak
Geografiari dagokionez, ongi kokatuta dagoenez, eraso eta bonbardaketa ugari jasan zituen Elgetak gerra zibilean eta, ondorioz, erdiguneko zati bat berreraiki egin behar izan zuten. Halere, Erdi Aroko zenbait eraikin daude oraindik, batez ere San Roke kalean.
Jasokundeko Andre Mariaren parrokia, adibidez, 1377koa da. XVI. mendean, ordea, handitu egin zuten. Hiru zatitan banatutako nabe bakarra dauka eta gurutzeria-gangek estaltzen dute. Barruan, aldare nagusiko erretaula barrokoa eta Santiagori eskainitakoa (errenazentista-manierista) nabarmentzen dira. Elizatik hurbil, herriko plazaren ondoan, Diputazioaren Etxea aurkituko dugu. Elgetako irudirik ezagunena eskaintzen du akaso, etxe honen arkuaren azpitik igarotzen baita Elorriorako errepidea.
Bestalde, jaiei dagokienez, San Pedro zaindariaren omenezko festak aipatu behar dira. Ekainaren amaieran ospatzen dituzte, eta egun horietan abeltzaintza eta nekazaritza azoka garrantzitsua egiten dute. Abereak, nekazaritza produktuak eta baserriko makineria eta tresneria erakutsi eta saltzen dira bertan.