Ezagutu Euskadi
San Juan itsasontziaren kopia bat eraikitzeko proiektua martxoaren 27an aurkeztu zen Parisen, Unesco erakundearen urpeko kultur ondareari buruzko biltzarraren esparruan. Xabier Agotek, Albaola fundazioaren buruak, eta Raúl Pérez Iratxetak, proiektuaren zuzendariak, aurkeztu zuten ekimen hau nazioarteko erakundearen 200 ordezkariren baino gehiagoren aurrean. Pasaian eraikitako San Juan baleontzia da Euskadi eta Ternua batzen zituzten ozeanoan zeharkako lehen zamaontzien adibide bat. 1565an Kanadako kostaldean hondoratu zen, Red Bay inguruan. Aurkitu zutenean, Parcs Canada talde kanadarrak kroskoaren ikerketa sakona egin zuen, eta ontziaren ezaugarriei buruzko informazioa eta planoak lortu ahal izan zituzten, baita garai hartako eraikuntza teknikei buruzko informazioa ere. Donostia 2016ko Europako Kultur Hiruburua ekimenaren baitan, eta Kanadako Gobernuaren laguntza zientifikoarekin, San Juan ontzia berreraikiko da, berriro ere Pasaian. Ia 15 metroko pago gila bat; forma espezifikoekin hautatutako 200 haritz, egiturarako; 20 izei, masta eta bela zurrunetarako; 560 metro karratu oihal eta 6 kilometro kalamu soka. Osagai horiek osatuko dute 3 gainaldeko, 28 metro luzeko eta 7,5 metro zabaleko itsasontzi berezi hau.
Estekak