Gernika, betidanik, toki izugarri sinboliko eta garrantzitsua izan da euskaldun guztiontzat demokraziaren eta eskubide historikoen sinbolo gisa. Euskadirentzat ezin mingarriagoa izan zen hiribildua nola eraisten zuten ikustea, lehen euskal lehendakariak kargua Gernikako Arbolaren azpian zin egin zuela aintzat hartuta gainera.
Nazioarteko prentsak Gernikako bonbardaketaren albistea zabaldu zuen berehala: lehen mailako berria zen, egundoko zirrara eragin zuena, erasoaren indarra neurriz kanpokoa izan zelako erabat, jomuga hain txikia eta babesgabea izanik. Picassok inspirazio-iturri gisa baliatu zuen "Gernika" sortzeko, XX. mendeko koadrorik sonatuena.
1987an, bonbardaketaren 50. urteurrenarekin batera, Gernikan Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Kultura baten balioak garatzeari ekin zioten. Eta ekimen horrek egindako ibilbideari nazioarteko onespena emateko helburuarekin, UNESCOk Gernika-Lumori eman zion Europako eskualdeko “Bakearen aldeko Hirien Saria”.
GOIZEAN
Batzar Etxean euskal politikariak eta jaunak biltzen ziren, gure herriaren etorkizuna erabakitzeko. Eta, gaur egun ere, Lehendakariak bertan zin egiten du bere kargua, Gernikako Arbolaren azpian. Historiaz betetako multzo arkitektoniko ederra da, foruak eratu ziren tokia. Horregatik guztiagatik, Gernika euskal askatasunen sorlekua dela esan dezakegu.
TopEuskadi mailako baliabide turistiko hau bisitatu ondoren, ibilbide bat proposatzen dizuegu herrian barrena, 1937ko bonbardaketaren hondarrak ikusteko, besteak beste, hegazkinen aurkako babeslekuak, Picassoren “Gernika”ren zeramikazko horma-irudia edo Bakearen Museoa. Horretarako mapak eta panelak aurkituko dituzue ibilbidean, eta audiogida bat ere badago eskuragarri (kontsultatu turismo-bulegoan edo haren webgunean).
ARRATSALDEAN
Omako haranean (Kortezubi), Gernikatik 7 kilometrora, bi plan proposatzen dizkizuegu: batetik, kultura-plan bat, Santimamiñeko koba, eta, bestetik, naturarekin zerikusia duen jarduera bat, familientzat aproposa: Basondo, Urdaibaiko basa faunaren babeslekua.
Santimamiñe Bizkaiko aztarnategi arkeologikorik garrantzitsuena da, eta Gizateriaren Ondare izendatu dute. Orain 14.000 urte baino lehenagoko giza asentamenduetako hondarrak gorde dira koba horretan, berrogeita hamar inguru labar-pinturarekin eta hainbat eta hainbat estalaktita- eta estalagmita-formazio izugarri ederrekin batera.
Basondon, berriz, inguruneko animaliak aurkituko dituzue, hala nola orkatzak, basurdeak, oreinak, azeriak eta basakatuak, gehienak Suspertze Zentroetatik datozenak eta haietako asko naturan berriz sartzeko moduan ez daudenak, lesio larri atzeraezin baten ondorioz. Bisitan ikus ditzakegun beste zenbait animalia Euskal Herritik desagertu dira jada, bere garaian gure basoetan bizi izan baziren ere: besteak beste, otsoak, katamotzak edo bisonteak.
KONTRATA DAITEZKEEN ZERBITZU-ENPRESAK:
Txakolindegiak: Itsasmendi / www.bodegasitsasmendi.com / (+34) 946 270 316 / info@bodegasitsasmendi.com
Non jan plan honetan: www.euskadigastronomika.eus
Non ostatu hartu plan honetan: www.nekatur.net
Datu orokorrak
Informazio gehiago:
Gernika-Lumoko Turismo Bulegoa
Artekalea, 8
946 255 892 / 646 347 553 (WhastApp)
turismo@gernika-lumo.eus
Santimamiñe: Bizkaikoa
Gaztelania, Euskara
Gomendioak