Arabako mendiak Euskadi osoko lurralde ezezagunenetako batzuk dira. Aldiz, bertan daude naturaren eta turismo aktiboaren zaleentzako txango interesgarrienetako batzuk. Mendi-ibiliak, bizikleta, ekoturismoa... Plan asko dauzkagu zain eskualde horretan.
Dena den, gaur Izkiko Parke Naturalera eta Vasco-Navarro trenbidearen bide berdera gerturatuko zaituzten ibilbidea proposatu nahi dizuegu.
GOIZEAN
Proposamen honi hasiera emateko, goiz jaikitzea eta lehendabizi Korreseko parke naturalaren etxera joatea gomendatzen dizuegu. Bertan, parke natural hau ikusteko aukera guztiak adieraziko dizkigute. Naturagune babestu honen 15 ibilbideetako bat hautatu ahalko duzue han, baina guk Bujanda Bidea gomendatzen dizuegu, soilik 3,5 km dituena eta bere lerro-formarekin parkeko leku ederrenak zeharkatzen dituena.
Ibilbide ezin hobea da naturaz gozatzera datozen familia eta lagun-taldeentzat. Abiapuntua parkeko etxetik bertatik hasten da. Korresera itzultzeko, ibilitako bidea egin beharko dugu atzera. Guztira 7 km dauzka, eta 2,5 ordu inguru beharko ditugu horiek oinez egiteko.
ARRATSALDEAN
Bazkaltzeko orduan, Korresetik gertu dagoen aisialdi-gunera joan ahalko gara. Eremu zabal bat da, mahaiak eta haurrentzako jolasak dituena; bertan atsedenaz gozatu ahalko dugu. Beste aukera bat inguruko udalerrietara (esate baterako, Maeztura edota Santikurutze Kanpezura) gerturatzea eta hango jatetxeetan bazkaltzea da.
Merezitako atsedenaldiaren ostean, Antoñanara gerturatuko gara. Errepidearen alboan, Vasco-Navarro bide berdearen interpretazio zentroa bisitatzeko aukera izango dugu. Espazio berezi horretan, hau da, treneko bagoi zahar batzuetan, “trenico” deitzen ziotenaren historia ezagutuko dugu, duela 50 urte baino gehiago funtzionatzeari utzi zion trenbidearena. Nafarroako Lizarra eta Gipuzkoako Bergara lotzen zituen tren hark.
Bide berde hau ezagutzeko aukera onena, bizikletaz egitea da. Interpretazio zentroan bizikletak alokatu daitezke, eta Antoñanatik Maezturako tartea egitea proposatzen dizuegu, zeinak guztira 15 kilometro inguru dituen (joan-etorria barne). Ibilbidea luzatu edo moztu egin daiteke, pertsona bakoitzaren gaitasunen arabera.
Antoñanara itzultzean, ia derrigorrezkoa da hiribildu harresitua bisitatzea, ondare historiko aparta baita.
Non jan plan honetan: www.euskadigastronomika.eus
Non ostatu hartu plan honetan: www.nekatur.net
Datu orokorrak
Informazio gehiago:
Izki Parke Naturaleko Interpretazio Zentroko Turismo Bulegoa / Korres / 945 410 502
Vasco-Navarro bide berdearen Interpretazio Zentroa - Turismo Bulegoa / Antoñana / 945 410 577
Gaztelania, Euskara
Gomendioak