Arabako Errioxaren lurretatik paseatzea, mahastien paisaia bereizgarriaz inguratuta, eta bertako upeltegi batzuetara hurbiltzea plan bikaina da natura eta gastronomia uztartzea gustatzen zaienentzat.
Gure urratsek Bastidako udalerria eta bere ingurunea ezagutzera eramango gaituzte, eta Guardian amaituko dugu eguna.
GOIZEAN
Jardunaldiari ekiteko Bastidako udalerrira iritsi beharko dugu, Arabako Errioxako lurretara. Gure ibilgailua aparkatu ostean, botak edo kirol-oinetakoak jantzi beharko ditugu, guk proposatutako oinezko ibilbidea hasteko.
Udalerri honek dauzkan ibilbideen artean, bi bereziki interesgarriak dira: San Gines Baselizaren ibilbidea, 4,5 km dituena, eta Ebroko ibilbidea, 8 km dituena. Biak ala biak dira gomendagarriak. Haurrekin edo oinez ibiltzeko ohitura gutxi duten pertsonekin baldin bagoaz lehenengo ibilbidea hautatu dezakegu, eta oinez ibiltzeko edo kirola egiteko ohitura baldin badugu, berriz, bigarrena. Bi aukerak benetan interesgarriak dira.
Hirugarren aukera bat, soilik ibiltzeko gogo handia duten pertsonentzat, bi ibilbideak batu eta 12 kilometro inguruko ibilbidea burutzea da.
Bi bideak udalerriaren erdigunetik abiatzen dira, ondo seinaleztatuta daude eta arazorik gabe jarraitu daitezke.
ARRATSALDEAN
Hautatutako ibilbidea amaitu eta gero, heldu da eguneko plater nagusiaren ordua: upeltegi tradizional bat bisitatzea, haurrentzat ere esperientzia ahaztezina izango dena, ardoa nola egiten den ikasiko baitute, eta gainera, upeltegi askotan haurrentzako jarduera eta lantegi desberdinak eskaintzen baitituzte.
Bastidan zerbitzu hori duten upeltegi ugari daude. Dena den, Arabako Errioxako udalerri gehienetan eskaintzen den jarduera bat da hori. Bisitaz gain, ardoa dastatzeko eta bazkaltzeko aukera ere izan ohi da. Hori bai, aldez aurretik upeltegiarekin harremanetan jarri eta erreserba egin behar da. Modu bikaina da gure egunean etenaldi txiki bat egiteko.
Bazkaldu eta merezitako atsedena hartu ostean, Guardiara joatea proposatzen dizuegu. Arabako Errioxako herri ezagunena eta bisita gehien jasotzen dituena da. Bertaraino gerturatu baldin bagara eta haurrekin baldin bagaude, ez diogu ihes egiten utziko tren turistikoaren gainean udalerria bisitatzeko aukerari, zeinak mahasti eta upeltegietan barrena eramango gaituen. Pasadizoak, tradizioak, bitxikeriak, kondairak... Arabako Errioxa sakonetik ezagutzeko behar duzun guztia. Osterantzean, udalerria oinez ezagutzea erabaki dezakezu, bere Erdi Aroko bideez gozatzeko.
Guardiako eta bere inguruko jatetxeen eta ostatuen eskaintza izugarri zabala da; horrenbestez, aukera bikaina da afaltzera gelditu nahi dutenentzat edo Arabako Errioxako Kuadrillan egun bat gehiago igaro nahi dutenentzat.
KONTRATA DAITEZKEEN ZERBITZU-ENPRESAK:
Non jan plan honetan: www.euskadigastronomika.eus
Non ostatu hartu plan honetan: www.nekatur.net
Datu orokorrak
Informazio gehiago:
Bastidako Turismo Bulegoa / Salazar jauregia - Kultur Etxea, Bakearen Plaza, z/g, 01330 Bastida, Araba
Gaztelania, Euskara
Gomendioak