Plan hau ezin hobea da haurrak dituzten familientzat, historiaren zale diren helduentzako nahiz haurrentzako planak baitaude, haurrei antzinako euskal joko tradizional batzuk erakutsiko baitizkiegu. Erdi Aroko ziega zahar bat, zerratoki hidrauliko bat edo bolatoki bat (garai batekoak bezalakoa) bisitatuko ditugu. Eta, gainera, familian ikusi ahal izango dugu orientatzeko zer dohain ditugun. Prest al zaudete?
GOIZEAN
Eguna Zerainen hasiko dugu. Zerain herri zoragarri bat da, Erdi Aroko ziega bat (taberna baten barruan!), zerratoki hidrauliko bat (3 txerrikumeen etxea bezalakoa), labe-meatze batzuk (sekulakoak) eta beste sorpresa batzuk dituena, hala nola Goyaren (bai, margolari ospetsuaren) birraitonaren baserria eta artzain batzuk.
Zerain oso herri berezia da. Bertan bizi ziren 250 biztanleak elkartu egin ziren herriaren izaera gordetzeko. Eta lortu zuten. Bisita ezazu bertako museo etnografikoa, Zeraingo biztanleen laguntzari esker osatu ahal izan dena, objektu guztiak dohaintzan eman baitzituzten. Aspaldiko nekazaritzatik eta artzaintzatik hasita, meatzaritza-garaitik igarota egundaino Zerainek igaro duen biziraupeneko prozesu historikoa adierazten duten erremintak, altzariak, tresnak, dokumentuak eta abar jasotzen dira.
Bisita kulturala egin ondoren, pixka bat mugituko gara. Gustatzen al zaizue bola-jokoan aritzea? Bola-jokoak tradizio handia du Euskal Herrian, eta baita Zerainen ere. Garai batean bederatzi bolatoki zeuden herrian, eta herriko plazakoa zen garrantzitsuena. Bolek zurean barrena ibiltzean egiten duten soinuak liluratzen ditu bertakoak oraindik, eta baita bisitatzen gaituztenak ere.
Bola-jokoak bere berezitasunak eta arauak ditu jolasten den lekuaren arabera. Kasu honetan, Goierriko bola-joko tradizionala ezagutzeko aukera eskaintzen dugu. Bolariak erakustaldi bat egingo du nola jolasten den ikusteko eta zuk ikasi ahal izateko. Erakustaldiaren ondoren, bisitarien txanda da. Hoberenak irabaz dezala!
ARRATSALDEAN
Bazkaldu ondoren, Zegamara joango gara. Zegama Aizkorri Aratz Parke Naturalaren oinetan dagoen herri txiki bat da. Euskadiko mendirik altuena dago bertan, Aitxuri (1.551 m) eta kondairak dioenez, Mari jainkosa mitologikoa dago oraindik mendi horren gailurretan. Abenturari hasiera emateko, Aizkorriko Ataria interpretazio-zentroa bisitatzea gomendatzen dizuegu.
Zentro hori Zegamako Anduetza baserrian dago, eta hor ingurune idiliko honetan elkartzen diren alderdi kulturalak eta naturalak ezagutu ahal izango dituzue. Han bertan eskuratu ahal izango duzue helduentzako eta haurrentzako den jarduera batez naturan gozatzeko behar duzuen materiala: orientazio-zirkuituak. Zailtasun-mailaren arabera, 3 jarduera desberdin daude, eta joko gisa nahiz kirol gisa egin ahal izango dituzue familiartean.
KONTRATA DAITEZKEEN ZERBITZU-ENPRESAK :
Herriko plaza z/g / 943 801 505 / turismobulegoa@zerain.eus / www.zerain.eus
Non jan plan honetan: www.euskadigastronomika.eus
Non ostatu hartu plan honetan: https://goierriturismo.com/eu/alojamenduak/prestatu-zure-bisita
Datu orokorrak
Informazio gehiago:
Zeraingo Turismo Bulegoa
Zegamako Turismo Bulegoa (Aizkorri-Aratz Interpretazio Zentroa, Anduetza Baserria)
https://goierriturismo.com/eu/herriak/zerain
https://goierriturismo.com/eu/herriak/zegama
Gaztelania, Euskara
Gomendioak